BECera begira ziren aukera zuten bertsolariak. Hala abestu dute hasierako agurretan. Baina guztientzat aukerarik ez. Unai Agirrek lortu du azkenean eserlekua.
Argitu da Amets Arzallus egungo txapeldunaz gain zein bertsolari izango diren abenduaren 17an BECen egingo den finalean. Puntuazioaren araberako ordenan: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre.
Honela gelditu da gaurko sailkapena:
1. Aitor Sarriegi: 698,5 puntu
2. Aitor Mendiluze: 696,5
3. Unai Agirre: 696
4. Miren Amuriza: 652
5. Alaia Martin: 649,5
6. Oihana Iguaran: 646
Lehen bertsoalditik izan da berezia gaur Iruñean jokatu den azken finalaurrekoa. Miren Amurizari sudurretik odola hasi zaio zortziko handiko lana egiten ari zenean. Jarraitu eta amaitu egin du, eta bi txalo zaparrada jaso ditu: bat bertsoaldiagatik eta bestea, agertokitik jaitsi denean, horrela lana amaitzeagatik.
Saio osoan eragin dio horrek Amurizari. Sudurra tapatua zuela abestu du, eta kartzelako lana amaitutakoan agertokitik jaitsi da, lan guztiak eginda. Puntuazioen garaian itzuli da.
Kartzelako lanak sortu du ikusmin handiena gaur ere: “Ezkutatu egin zara ikus ez zaitzaten”.
Amuriza izan da abesten aurrena, eta maitalearen armairuan sartu da, ate hotsa entzun denean. Honela amaitu du bertsoaldia:
“Zuek hasi dezuena
hirurok buka dezagun”
Sarriegi bigarren, Irunen taularatu zuen doinuarekin, han ere erakutsi zuen umorez. Estresagatik lanera joaten ez den baten paperean jarri da. Kalean, poteoan, bere nagusiarekin topo egin du. Ezkutatzera komunera joan da, baina nagusia ere hara, gintonica bota dio, bere izotz eta guzti:
“Ordaintzen duenerako
ez du besterik merezi”
Mendiluze bullying-aren biktima baten gorputzean jarri da.
“Nere bizitzan ez nintzen inoiz
horren bakarrik sentitu”
Iguaran Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruaren lekuan jarri dela ulertu dugu, aipatu ez duen arren.
“Gehien inporta duena
sarri ikusezina da”
Martin gurasoengandik ezkutatu da etxeko sukaldeko mahai azpian.
“Mahai azpian nago eta garrasika ari dira”, bukatu du bertso bat, eta gero “aspaldi uste dut aitak ez duela ama maite”.
Agirrek egin du ariketa hori azkenekoz, eta kartzelan izandako burutazioak esplikatu ditu:
“Oholtzara ez nun irten nahi eta
gorde egin naiz kartzelan”