Unamuno eta zientziaren paradigmak Oteizaren ispiluan

Orioko eskultoreari buruzko bi liburu kaleratu ditu Oteiza museoak: Ignacio Sanchezena bata eta Juan Aranaren bestea

Inigo Astiz
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«Artea misterioaren zientzia da, errebelazio zientifikoari ihes egiten diona». Jorge Oteizarenak dira hitzak, eta ongi deskribatzen dute haren ibilbidea. Besarka ezina da oriotarraren lana. Bere eskulturek beste ertz ditu artistak, eta Oteiza Museoak egiten duen publikazio lana da horren froga. Bi liburu berri kaleratu dituzte orain Centauro saiakera bildumarako. Oteizaren lanean adituJuan Aranarena da bata, eta Ignacio Sanchez arkitektoarena bestea. Miguel Unamunoren eta oriotarraren arteko harremana aztertzen du Aranak Oteiza y Unamuno: dos tragedias epigonales de la modernidad izeneko lanean (Oteiza eta Unamuno: modernitatearen bi tragedia epigonal). Sanchezek, berriz, artistaren eta zientziaren arteko erlazioan jartzen du arreta: Oteiza y los nuevos paradigmas científicos (Oteiza eta paradigma zientifiko berriak).

Aurpegi asko ditu Oteizak, eta, Aranaren hitzetan, Unamunorena da haietariko bat. Dioenez, handia da Bilboko idazlearen eragina Orioko artistarengan. «Unamuno da Oteizak sakonen ezagutu zuen filosofoa. Haren liburu mordoa zuen etxean, behin eta berriro irakurtzen zituen, eta bere saiakera nagusietan beti agertzen da haren pentsamendua. Nire ustez, Oteizaren pentsamendua ulertzeko behar-beharrezkoa da Unamuno irakurtzea». Bada harreman intelektual horren froga fisikorik ere. Eskultoreak idazleari eskainitako igeltsuzko busto bat, adibidez, 1980koa.

Ispilu bat izan zuen Oteizak Unamunorengan, Aranaren arabera. «Euskaldunon arima aipatzen duenean, Unamunori begira dabil Oteiza. Unamunok Gaztelako paisaia erabiltzen du bere Espainiako mitologia eraikitzeko, eta Oteizak oso gauza antzekoa egiten du. Horrexegatik, Oteizak esaten du Unamunok Gaztelaren zeruaz idatzi zuenean ez zela Gaztelako zeruaz ari, eta benetan aipatu nahi zuena Euskal Herriko harrespila zela».

Bultzada berak gidatu zituen bi sortzaileak, Aranak dioenez: Kixotismoak. On Kixote pertsonaiaren fantasiei egiten die erreferentzia izenak, eta errealitatea fikzioaren bidez sortzeko premia dago filosofia horren oinarrian. «Kixotismoa da bizitzeko filosofia bat, errealitatea gizakiok eraikitzen dugula defendatzen duena. Biok ulertzen dute arrazoimena alferra dela zenbait arazo filosofiko eta politiko konpontzeko. Haien ikuspuntutik, justizia lortzeko egin behar duguna ez da pentsatzea, baizik eta errealitate berria sortzea». Eta sorkuntzak oso zeregin garrantzitsua betetzen du horretan bientzat. «Oteizak zizelkatu egiten du mundu berri hori, eta Unamunok filosofikoki kontatzeko saioa egiten du».

Bide batetik edo bestetik, ordea, porrot berera heldu ziren biak. «Bi intelektualak saiatu ziren mundu berri bat sortzen, beren bizitzen halabeharra eta munduaren beharra batuko zituena, eta, hala, natura gaindituko zuena. Narrazioaren edo eskulturaren bitartez, Unamuno eta Oteiza saiatu ziren naturaren mugez libratzen (heriotzaz, desagerpenaz, ahanzturaz). Natura kontzeptu artean giltzapetzen. Bazekiten hasieratik porrot egingo zutela, baina, hala ere, ezin izan zuten amorerik eman».

Zehaztasuna eta askatasuna

Zehaztasunaren eta askatasunaren artean, beti. Interesgarria da Oteizak kontzeptu zientifikoez egiten zuen erabilera. Artistak ezagutzen zituen bere garaiko teoria zientifikoak, eta erabili ere erabiltzen zituen kontzeptu batzuk testuetan. Hor zehaztasuna; zientzia. Nahiko era librean erabiltzen zituen, ordea. Hor askatasuna; artea. Bi mutur horien artean ibili zen Oteiza. Eta hartu-eman horren erdian jartzen du arreta Oteiza y los nuevos paradigmas científicos liburuak.

Esanguratsua da, horregatik, Oteizaren lana zientziaren ikuspegitik aztertzea, Ignacio Sanchez arkitektoaren hitzetan. Zergatik? «Oteizak bazuelako oinarrizko kultura zientifiko bat, eta handitu egin zuen, gainera, urteekin; arlo artistikoan aritzen zenez, bere metafora eta aipamenek ez zutelako zehatzak izan beharrik; eta garrantzitsuena, haietariko batzuk bazirelako kontsekuenteak eta zehatzak ere. Horrek bereizten du Oteiza; arte garaikidean parekorik ez duen edertasun bat ematen dio horrek».

Estetika zientzia epistemologikoen zehaztasun mailara igo nahi zuen Oteizak, eta teoria zientifikoetan bilatu zuen hori lortzeko sostengua. Geometria da adibide horietariko bat, eta Georg Cantor zientzialariaren lana aipatzen du Sanchezek liburuan. Egungo matematika modernoen aitzindarietariko bat da Cantor, eta eragina izan zuten Oteizarengan haren dimentsioaren inguruko ikerketek. «Geometriak XIX. mendean izan zuen bilakeraren oihartzun bat da Oteizaren eskulturek izan zuten abstrakziorako prozesua».

«Motor gisa» baino ez zuen erabiltzen zientzia artistak, Sanchezek dioenez, eta Oteizaren hitzak dira horren froga: «Artista batek, bakarrik, ezin du zientifikoki ezer zehaztu. Infernura, beraz, zientifikotasuna. Hemen zientifikoki baliagarri zaion ezer aurkituko balu, hobe dezala. Zorionekoa, hemen ezer ikusten ez duena; artista bat izango da, artista gizajo bat gehiago; gizajoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.