Batzuetan talde bat une egokian ikustearen sentipena izaten dut. Bartzelonako Doble Pletina boskotearekin gertatu zait azkenekoz. Maketa bat eta zazpi hazbeteko bi argitaratu dituzte aurten, eta beren diskoak bezain eder diren zuzenekoak egiten ari dira.
Duela sei urte, egun berean jo zuten The Wedding Present ingelesek Bilbon eta Herman Düne franko-suitzarrek eta Julie Doiron kanadarrak Azkoitiko Matadeixen. Lehenengoak hainbeste urte bananduta egon ostean itzuli ziren Take Fountain disko duinarekin. Herman Düne anaiek Not On Top diskoa argitaratu berri zuten Julie Doironek lagunduta, eta aurretik bost diskotik gora zituzten arren, disko horrekin ezagutu nituen nik. Une horretan gehien obsesionatzen ninduen taldea zen, baina The Wedding Present-en kontzertura joatea erabaki genuen. Erabaki hotza izan zen: «Ingelesak hainbeste urte eta gero itzuli dira, eta ziurrenik ez dugu haiek berriz zuzenean entzuteko aukerarik izango; anaiak gazteak dira eta nahi beste aldiz ikusi ahal izango ditugu hemendik aurrera». Ez nintzen lasai geratu erabakiarekin, eta lagun pare bati esan nien Matadeira hurbiltzeko, ez zitzaiela damutuko. Bikaina izan omen zen. Bilbokoa, aldiz, sasoiz kanpokoa iruditu zitzaidan.
Ordutik aurrerakoak ez ziren izan nire kalkulu hotzek aurreikusi zuten modukoak. David Gedge eta abar ikusteko aukera nahikotxo izan nituen aurrerantzean ere. Herman Dünen, berriz, aldaketak egon ziren; anaietako batek taldea utzi zuen eta, horrekin batera, haien xarmaren zati handi bat galdu zuten, nire gusturako. Hainbat aldiz ikusi ditut zuzenean ordutik, baina ez dut inoiz sentitu hain gustuko nuen talde hura ikusten ari nintzenik.
Batzuetan talde bat une egokitik kanpo ikustearen sentipena ere izaten dut. Sasoiz kanpo, taldearen unerik onenetik kanpo, nire gustu berrituetatik kanpo. Izan ere, sasoiak bakarrik ez, taldeak ere aldatzen dira eta, batez ere, gu geu aldatzen gara, eta musikaz dugun ikuspegia.
Bi ahotsetara
Une egokia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu