Arte ederrak eta diseinua ikasten ari diren ikasleen erakusleihoa da Barakaldo BEC gunea bihar hasi eta igandera bitartean. Europa eta Amerikako arte ederretako 27 fakultate eta ikastetxetako lanak ezagutzeko aukera izango du bertaratzen denak. Josu Rekalde EHUko Arte Ederretako Fakultateko dekanoak Ikas-Arten berezitasuna nabarmendu du. «Erakusketa berezia da, sortzaile guztiak bertan daudelako bere artearen nondik norakoak azaldu eta ikusleen galdera eta zalantzak argitzeko prest. Hori ez duzue beste inongo arte azokatan aurkituko».
Guztira 500 sortzaileren lanak izango dira topaketa honen hirugarren ekitaldian. Euskal Herrikoez gain, Malaga eta Sevillako Unibertsitatekoak (Espainia); Bartzelonakoak; Argentinako Rosarioko Nazionalekoak; Italiatik, Accademia di Belle Arti di Sassarikoak, Mexikoko Unibertsitate Autonomokoak eta Erresuma Batuko Bradford School of Arts and Mediako ikasleak.
Atal berriak ditu aurtengo ekitaldiak. Handitu egin da, esate baterako, Intersekzioak izeneko gunea, diseinuarekin lotura estua duten jarduerei tarte handiagoa eskaintze aldera. Moda, diseinu industriala eta grafikoa izango dira aurtengo protagonistak. Gueñesko Basque Design Centerrekoak euskal diseinatzaile entzutetsuen lanekin egindako erakusketa jarriko dute. Mercedes de Miguel, Miriam Okariz, Alicia Rueda, Marta Theran, J+G, Miguel Palacio etaCarlos Diezenak, besteak beste.Eskulanen erakusmahaian, bestalde, papera zelan egiten den ikasteko saioak egingo dituzte.
Bost gune, bost erakusleiho
Aurten Ikas-Artera doanak bost lekutan banatuta aurkituko ditu sormen lanak. Showroom delakoan aurkezpen teorikoak eta ekintzen erakusketak egingo dira: performanceak, demoak, audioa… 11 ikerketa proiekturen aurkezpenak egingo dira hiru ardatzetan banatuta: Ikerkuntza, sorkuntza, artea eta gizartea; Artearen, zientziaren eta teknologiaren arteko loturak konektatutako gizartean eta Hezkuntza artistikoaren erronka berriak. Mikroespazioak atalean, kanal bakarreko bideo proiektuak erakutsiko dituzte, «nahierara» modalitatean. Zabalgunean ikasle batzuen zortzi proiektu erakutsiko dira. Esku hartzetik, instalaziotik eta prozesu zereginetik gertuago daudenak, alegia. Erakusketa gunean erakusmahaiak daude ikasleek beraiek egindako lana erakusteko. Komunikazioen atala eztabaida gunea da.Roger Madina astrofisikoa, Stephen Carter Londresko artista entzutetsua eta Javier Etxebarria EHUko ikerlaria izango dira hor.
Unibertsitateko ikasleen artea ikusi ahalko da BECen
Europa eta Amerikako arte ederretako 27 fakultatetako ikasleen lanak bilduko ditu 'Ikas-Art' erakusketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu