Miguel Lopez-Remiro. Museoko zuzendaria

«Unibertsitateko museoa hiriarekiko zubi izatea da gure konpromisoa»

Lau urtez Bilboko Guggenheim museoko zuzendariorde lanetan aritu ondoren, Nafarroako unibertsitate pribatuko museoko zuzendari izendatu zuten Miguel Lopez-Remiro orain urtebete.

NAFARROAKO UNIBERTSITATEA.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Eraikina egiteko lanak hasi ere ez dira egin, baina horrek ez du esan nahi Nafarroako unibertsitate pribatuko museoa martxan ez denik. 2013ko udazkenean espero dute zabalik, eta inaugurazio erakusketa prestatzen dabil jadanik Miguel Lopez-Remiro museoko zuzendaria. Lau urte egin zituen Bilboko Guggenheim museoko zuzendariorde postuan, eta Maria Josefa Uharteren bilduma hartuko duen zentroan dabil buru-belarri orain urte betez geroztik. Museo «ezberdina» egin nahi duela dio. Unibertsitatearekin eta hiriarekin lotutakoa.

Anglosaxoien artean nahiko ohikoak diren unibertsitate museoak hartu omen dituzue eredutzat. Zer ezaugarri dituzte museo horiek?

Hezkuntza sistemarekin duten loturak eta ikerketaren alorrean jartzen duten indarrak bereizten ditu museo mota horiek. Era berean, gizarteari ekarpen bat egiteko asmo argia izaten dute, eta ikuspegi unibertsitarioa eskaintzen diete arte bildumei.

Zertan bereiziko da Nafarroakoa eredu horretatik?

Jatorri unibertsitarioa izango du honek ere, eta hezkuntzari, ikerketari eta irakaskuntzari lotuta egongo da, esperimentala izango da eta gizartean eragina izateko asmoa izango du. Topalekua izango da museoa, eta diziplina arteko ikerketak egitea izango da haren funtsa. Bikaintasunetik eta berrikuntzaren ikuspegitik landuko du artea, eta bilduma erakusteko lana ere egingo du. Slow museum dei dezakegun museo eredua da garatuko duguna [museo geldoa]. Artistaren, artelanaren eta ikuslearen arteko harreman atsegina lortzea izango da helburua. Auditorium bat ere izango du museoak, gainera, eta dantza, antzerkia eta musika ere hartu ahal izango ditu barruan.

Zein dira museoaren erronkak?

Espazio dinamikoa izango da museoa. Ideiak elkartrukatzeko gune bat; plaza publiko baten modura funtzionatuko duen leku bat; ikasle, hiritar eta hiritarrak artearekin batzeko espazio bat. Ikuspegi ezberdina eskaini nahi dugu, museo ezberdina garelako. Eta bikaintasun unibertsitarioa izango da gure xedea erakusketetan, ikerketetan eta artea azaltzerako orduan. Nafarroako gizarteari zerbitzu bat eskainiko diogu, eta arte bisualak unibertsitateko ikasleen hezkuntzaren ezinbesteko zati izatea nahi dugu.

Zer ekarpen egingo dio museoak Euskal Herriko arte garaikidearen zirkuituari?

Indartu egingo du jadanik badagoen eskaintza. Beste erakundeekin elkarlanean arituko gara.

Hiritik gertu nahi duzue museoa, eta horregatik aukeratu duzue zentroa unibertsitatearen eta Iruñearen arteko mugan egitea. Kudeaketaren ardura pribatua izango da, ordea. Ez al da zaila izango interes publiko eta pribatuen arteko oreka hori?

Unibertsitatearen jabetza esku pribatuetan egotea ez da oztopo hiriak hura erabili ahal izan dezan. Kontrakoa. Unibertsitate honen konstante bat da bere ekintzek gizartean eragina izan dezaten saiatzea, eta museoaren proiektua izango da adibiderik argiena. Campusean duen kokapena eta diseinua dira froga. Ideia bat dago oinarrian; hiriarekiko harreman estua izan nahi dugu, eta zubi izateko filosofia etengabe berritzea da gure konpromisoa.

Nola lortuko duzue hori?

Programazio artistiko ona edukitzea eta programa publikoak garatzea da giltza. Eskaintza zabala izango da ikasle, campuseko profesional, hiritar eta gertuen ditugun komunitateentzat. Publiko guztiak izango ditugu kontuan; haur, zahar eta gazte. Artea demokratizatzea da gure asmoa.

Erakusketez gain, sorkuntza artistikoa ere hartuko du museoak.

Oso bilduma interesgarria du museoak, baina artearen sorkuntza prozesua ere hartu nahi dugu kontuan. Artistak ekarri nahi ditugu, haiekin batera ekintzak antolatu, eta erakusketetako komisarioek elkarrizketatzaile lana egin dezaten. Beren lanaren nondik norakoak azaldu ahal izan ditzaten.

Mozketa garaia da. Nola egingo dio aurre unibertsitateak horri?

2011 bukatu baino lehen hasiko dira eraikuntza lanak. 2008an hartu genuen konpromiso hori, Maria Josefa Uhartek bere bilduma eman zigunean. Ekimen garrantzitsua dela uste dugu, eta Nafarroako ekonomiari bultzada bat eman diezaiokeela ere bai. Hainbat inbertsore pribaturen laguntza badugu jadanik, baina gehiagoren bila gabiltza. Hori izango da, izan ere, proiektuaren finantzabide nagusia. Inbertsioaren %40 inguru izango da jatorri publikokoa, eta funts propioekin egindakoa. Funtsak biltzen ohituta dago unibertsitatea, baina egungo egoeran ez da erraza izaten ari. Nahiko ongi doaz kontuak, halere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.