Unitate didaktiko bat osatu du EOSek, umeengan musika zaletasuna sustatzeko xedez

Eusko Jaurlaritza eta EITBrekin, 'Sinfokids' egitasmoa hasi du, eta DVD bat plazaratu du eskoletan lantzeko

Sinfokids egitasmoaren aurkezpena, atzo, Donostian. EOS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Umeen artean musikarako zaletasuna sustatzeko egitasmo bat sortu dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Eusko Jaurlaritzak eta EITBk: Sinfokids. Ikus-entzunezko ekimena da, musika sinfonikoaren dibulgaziorako tresna, alegia, DVD euskarrian argitara emandako unitate didaktiko bat. Eta hezkuntza zentroetan ez ezik, ETBko euskarazko bi kateetan izango diren saio berezietan ere landuko dute. Oraingoz, zenbaki bakarra kaleratu dute, euskaraz, espainieraz, ingelesez eta frantsesez. Baina egitasmoak aurrera egin ahala, zenbaki gehiago plazaratuko dituzte. «Egitasmoak segida izatea nahi dugu», ziurtatu dute sustatzaileek. Ekimen «aitzindaria» dela esan du Mikel Cañadak, EOSeko Hezkuntza saileko arduradunak, eta musika lehiaketetan eta nazioarteko jaialdietan aurkeztuko dutela iragarri du.

Iker Sanchezen zuzendaritzapean EOSek iaz interpretaturiko Haydn... bizitza oso bat kontzertua da DVDaren ardatz nagusia. Emanaldi hartako zatiak biltzen ditu DVDak, atalka. Cañadak berak osatu du gidoia, eta Pernan Goñik eginiko animazioak baliatuta editatu dute Fermin Aiok eta Aitor Gisasolak.

Bost atal dauzka DVDak. Lehen atalean, hotsek berezko dauzkaten oinarrizko ezaugarri batzuk landu dituzte, hala nola altuera, intentsitatea, tinbrea eta iraupena. Bigarren atalean, hotsen tinbrean sakondu dute. Eta hirugarren atalean, orkestra sinfoniko baten egiturari erreparatu diote, hau da, orkestra osatzen duten musika tresnen multzoei.

Laugarren atalean, musika idazkera jorratu dute, komunikaziorako tresna unibertsal gisa. Eta bosgarren eta azken atalean, orkestra sinfonikoak interpretatu dituen obrak izan dituzte hizpide.

Sinfokids-en lehen zenbaki horren parte garrantzitsua da, halaber, Bilboko Abusu ikastolako Lehen Hezkuntzako 23 ikaslek egin zuten lantegia. Hiru hilabetez prestatu zuten Nagore Iturbe eta Leire Gutierrez musika irakasleekin, eta ETBko Miramongo estudioetan grabatu zuten gero.

ETBn, saio bereziak

DVDak 70 minutu irauten du, eta otsailaren 12an bere hartan emango dute ETB1 katean. Horren ondoren, ETB3n emango dute, zatika, aste bakoitzean hamar minutuko saioa.

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, orobat, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza zentro guztietara kopia bat igorriko du, lehen hezkuntzako haurrekin landu dezaten.

EOSeko zuzendari nagusi Iñigo Alberdiren hitzetan, «orkestraren dibulgazio lanean urrats garrantzitsua da egitasmoa». Eta Cañadak azpimarratu du helduentzat ere «entretenigarria eta baliagarria» izan daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.