Ur Apalategik jasoko du Euskadi Literatura Saria euskarazko narratiba alorrean, Fikzioaren izterrak ipuin-bildumagatik. Haur eta Gazte Literaturari dagokionez Miren Agur Meabek eramango du saria Errepidea lanagatik. Bestalde, Jon Bilbao, Bajo el influjo del cometa lanarengatik saritu dute gaztelaniazko narratiba arloan.
Ur Apalategiren liburua zazpi ipuinek osatzen dute. Bertan, aurretik landutako bi gairen inguruan egiten du gogoeta idazleak: euskal literatura eta bikoteen arteko harremanak.
Gainontzeko Euskadi Sariak urriaren 3an ezagutarazi zituen Eusko Jaurlaritzak: euskarazko literatur itzulpena, Karlos Zabalarentzat Zubi bat drinaren gainean lanaren itzulpenagatik; literatura lanaren ilustrazioa, Iban Barrenetxearentzat Bombástica Naturalis lanagatik; gaztelaniazko saiakera, Iñaki Ugarteren Diarios 1999-2003 lanarentzat; eta euskarazko saiakera, Joseba Sarrionandiarentzat Moroak gara behelaino artean? lanagatik.
Azkeneko sari honek, ordea, eztabaida ugari eragin ditu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak iragarri zuen Literaturako Euskadi sariaren irabazlea izateagatik Sarrionandiari dagozkion 18.000 euroak "atxiki" egingo zituela, "saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean". Horrek, Sarrionandiaren familiaren zein kultur eragile askoren haserrea ekarri du, baita epaimahaiarena ere.