Urak eramana, gogoak ekarria

Artelekuk ateak irekitzeko jardunaldiak antolatu ditu, eta urtea amaitu bitarteko egitaraua aurkeztu du

Gipuzkoako Diputazioko Kultur arduradunak Arteleku bisitatzen, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Uholdeak kalte handiak egin zituen Gipuzkoan duela sei hilabete. Kalte handiak egin zituen, esaterako, Arteleku zentroan, Donostiako Loiola auzoan baitago. Urak bere kabuz jaitsi ziren ohiko neurrietara. Artelekuri bizitza berria elkarlanak eta sortzaileen beraien gogoak eman diote, aldiz. Oraindik agerikoak dira uholdeak eraikinean utzi zituen markak. Oraindik Artelekuko mediatekako apalen hutsunea nabaria da, baina eraikina biziberritzen hasi da, berriro arnasa hartzen. Mugimendua nabari da, ez erabatekoa oraindik, euskal artista asko eta askoren laborategi, lantegi eta plataforma izan den gunean.

Urtea amaitzeko geratzen den tarterako Artelekun izango duten egitaraua aurkeztu zuten atzo Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak, Garazi Lopez Etxezarreta Aldundiko Kultura zuzendariak eta Artelekun lanean jarduten duten sortzaileetako batzuek. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako kalkuluen arabera, 1,8 milioi ingurukoak izan dira kalteak. Hilabete hauetan 400.000 euro erabili dira Arteleku berriz martxan jartzeko behar ziren oinarrizko egokitze lanak egiteko, baita mediatekako 40.000 erreferentzietatik galdu ziren 7.000 erreferentziak berreskuratzen hasteko.

Ikerne Badiolak adierazi zuenez, «amaitu dira identifikazio eta balorazio lanak, eta mediateka osatzeko, galdutako erreferentzia horiek zenbait bidetatik berreskuratzen hasiak dira, baliabide hori oinarrizkoa baita Artelekun». Uholdetik salbatu ziren erreferentziak Gordailu ondare zentroan daude gorderik, Irunen. Erreferentzia horiek uztailean eramango dituzte Artelekura, eta mediateka irailean irekitzea espero dute.

Mediateka zabaldu artean, ordea, Artelekuko barne bizitza ez da geldirik egongo, eta egitarauak bere bidea egingo du. Aurtengo programan, Audiolab, Mugatxoen eta Irudia Mugimenduan Laborategia ibilbide luzeko proiektuak bultzatzen jarraituko dute. Era berean, Yox kolektiboarekin elkarlanean jarraituko du Artelekuk, modaren, irudiaren eta argazkien inguruko tailerrak antolatzeko, eta Galtzagorri elkartearekin Marraz(k)iak proiektua landuko dute. Azken asteetan Artelekun lanean ari diren sortzaileek ateak irekitzeko jardunaldiak antolatu dituzte, Arteleku berriro abian dela erakusteko.

Ate irekien jardunaldiak

Iragan asteartetik hainbat artista eta kolektibo ateak irekitzeko jardunaldiak egiten ari dira, sorkuntza zentroa bizirik dagoela azaltzeko. Uholdeen ostean, Artelekuk «osagai fisiko batzuk galdu ditu, baina ez artearentzat leku hain berezi honetan berebiziko garrantzia duen giza bertute bat: elkarlana». Virginia Ameztoi, Amaia Estanga, Renata Laszczak, Isabel Herguera, Oier Villar, Dantzaz konpainia, Iñaki Rifaterra, Diego Matxinbarrena eta Le Titare dira sortzaile horietako batzuk. Era guztietako estilo eta generoak landu dituzte: margoa, grabatua, plastika, bideoa, dantza, instalazioak, ehun diseinua... Uztailaren 4ra bitartean ikusi ahal izango dira haien lanak.

Mugatxoan

Objektu immaterialaren eta ikuslearen arteko harremanetan oinarritzen du bere jarduna Blanca Calvok eta Ion Manduatek koordinatuko duten proiektuak. Special Issue programa gauzatuko dute urriaren 4tik 11ra bitartean. Gorputzik gabeko ahotsa, maitasunerantzizenburupean irrati programa bat egingo dute, besteak beste, «erakusketa areto batean eta irrati libre batean aldi berean egiten diren performance, hitzaldi, elkarrizketa eta solasaldiz osatua». Gainera, Manuel Cirauquik eta Peio Agirrek tailer bana eskainiko dute.

Irudia mugimenduan

Animazio esperimentalaren alorreko garapen eta ekoizpen espazioa da Isabel Herguerak koordinatzen duena. Ekainaren 18tik 22ra bitartean The Bell Rock sareko tailerra egin zuten munduko bost lekutan, aldi berean. Uztailaren 9tik 24ra artean Odradec izeneko tailerra egingo dute, Marcel Pie Barbak eta Pere Ginardek zuzendurik. Film kolektibo «guztiz esperimentala» egingo dute tailerrean, Franz Kafkaren ipuin bateko pertsonaia abiapuntutzat harturik.

Audiolab

Hamar urteko ibilbidea osatu ondotik, Artelekuko soinuaren eta entzumenaren ikerketari eskainitako laborategiak hasierako helburuak ditu. Xabier Erkiziaren gidaritzapean urte osoan hitzaldiak, aurkezpenak eta kontzertuak egingo dira batetik (Maite Arroitajauregi, Miguel A. Garcia, Inazio Escudero, Miguel Angel Tolosa...), Hots on line irrati monografikoa garatzen jarraituko dute, Ertz festibala antolatuko dute (irailaren 10etik 14ra) eta MRB topaketak egingo dituzte (abuztuaren 4tik 7ra), musika esperimentalen eta artearen inguruko eztabaidak eta hausnarketak proposatuz.

Grafika tailerrak

Don Herbert maisuaren metodologia erabiliz, Iñaki Rifaterrak litografia lantegi bat emango du uztailaren 2tik 27ra bitartean. Nerea Lopezek serigrafia lantegiak emango ditu urte osoan.

Mapa 03

Zinema arraroa-ren hirugarren ekitaldia izango da. Dena den, «jadanik ez da hain arraroa, baina bai lehen bezain erradikala, edogehiago», diote. Javier Rebollo, Virginia Garcia del Pino eta Victor Moreno zinema zuzendariak, Oscar Fernandez argazkilaria eta Aida Vallejo arte eta teknologiako irakaslea izango dira aurtengo gonbidatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.