Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak «arazo larriak» ekar ditzakeela esan du Espainiako Kultura ministroak

Ernest Urtasunen ustez, ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspegitik arazoak sor ditzake museoa eraikitzeko egitasmoak. Edonola ere, erabakia euskal erakundeei dagokiela adierazi du.

Urdaibai
Muruetako ontziolaren inguruan eraiki nahi dute Urdaibaiko Guggenheim museoa.
Ainhoa Sarasola.
2024ko otsailaren 28a
13:30
Entzun

Ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspegitik, «arazo larriak» sor ditzake Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektuak, Ernest Urtasun Espainiako Kultura ministroaren ustez. Espainiako Kongresuko kontrol saioan egin ditu adierazpenok, eta nabarmendu «kulturak eta ingurumenak beti eskutik helduta» joan behar dutela. Edonola ere, behin baino gehiagotan esan du euskal instituzioek erabaki behar dutela egitasmoaren gainean.

Javier de Andres EAEko PPko presidenteak egindako galderari erantzunez egin ditu adierazpenok Urtasunek. Espainiako Gobernuaren diru publikoa administratzeko modua kritikatu du De Andresek, museoaren egitasmora 40 milioi euro bideratu izanaren harira. Urtasunek erantzun dio diru proiektuari lotutako ingurumen jarduerak garatzea dela sail horren helburua, eta, zehazki, Urdaibaiko ingurunea lehengoratzea.

Orain hilabete, proiektuan aurrera jarraituko duten edo ez erabakitzeko, bi urteko hausnarketa aldi bat iragarri zuten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak. Bi urtez egitasmoa gelditzea erabaki zuten, hortaz, argudiatuta Bilboko Guggenheim museoko patronatuak denbora behar zuela hausnartzeko.

Horren aurretik, iazko azaroan, Urdaibaiko erreserba naturaleko itsasertzaren babesa murrizteko erabakia hartu zuen Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak; Muruetako ontziolen eremuan, hain justu ere, museoa egin asmo duten lekuan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.