"Nahiak handiak izaten dira, baina hizkuntz gatazka amaitu nahi nuke". Hala esan du Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak gaur Euskadi Irratian, goizean egin dioten elkarrekin, eta "denen arteko adostasuna lortzea ezinbestekoa" dela deritzo. "Ahal bada, denen kontsentsua behar genuke euskararen aldeko ekintzetan. Ezinbestekoa da, aurrera egin nahi badugu".
Garrantzitsua iruditzen zaio "jendeari argi azaltzea" hizkuntz politika zer den, "erdaldunei argi esatea zergatik egiten diren gauzak, zergatik jartzen den euskararen alorrean diru gehixeago".
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldun denek PSE-EEren gobernuarekin ere eskubide berak ez dituztela izango aitortu du, leku denetako erakunde eta gune publikoetan euskara ez dutelako erabat bermatuko. "Euskaldun gehien dagoen lekuetan arreta handiagoa jarriko dugu zerbitzu publikoetan".
Jaurlaritza berriko sailek oraindik lanpostuen zerrenda ez duela atera esan du Urgellek, eta hizkuntz eskakizuna horren araberakoa izango dela dio. "Eskakizuna zentzuzkoa izango da, ordea".
"Dirua ondo gastatzen ikasi behar dugu"
Krisi ekonomikoa dela-eta Eusko Jaurlaritzak aurtengo aurrekontuetatik 550 milioi euro murriztuko dituela iragarria du, eta Urgellek esan du saiatuko direla Kultura Sailean behintzat, "artaziak gehiegi ez mugitzen", saileko aurrekontua handia ere ez dela nabarmendu baitu. "Dena den, ikasi behar dugu dirua ondo gastatzen, dirua non sartu behar den, tentuz pentsatzen".
Maiatzaren erdialdera hartu zuen Urgellek Kultura sailburu kargua, eta alorreko sektore denekin "zuzeneko harremana" izango duela agertu du.
Kultur azpiegituren arloan, Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibain Guggenheim Museoa egin nahi du -Bilbokoa baino txikiagoa litzateke-, eta Jaurlaritzako sailburuak ez du azaldu beraiek egitasmoa babestuko duten. "Goizegi da bigarren Guggenheim batean sartzeari buruz zerbait esateko. Ingurumen eta ekonomia azterketak egin behar dira lehenago".
Euskara-KulTURA
Urgellek dio "denen adostasuna" ezinbestekoa dela "hizkuntz gatazka amaitzeko"
"Erdaldunei argi esan behar zaie zergatik egiten den hizkuntz politika, zergatik jartzen den euskararen alorrean diru gehixeago", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Ez du argitu Urdaibaiko Guggenheimaren egitasmoa babestuko duten, "goizegi baita".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu