Donostiako 59. Zinemaldia. Isaki Lacuesta. Zinemagilea

«Urrezko aroan ez, bere aro pluralenean dago dokumentala»

Zalaparta eragin du Isaki Lacuestak Sail Ofizialean aurkezturiko 'Los pasos dobles' lanak; iritzi kontrajarriak jasoko zituela bazekiela eta aniztasuna ondo dagoela dio.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ohiko bisitaria da Donostiako Zinemaldian Isaki Lacuesta (Girona, 1975). La leyenda del tiempo (2006), Los condenados (2009) eta La noche que no acaba aurkeztu ditu aurretik jaialdiko sail desberdinetan. Los pasos dobles filma aurkeztu du aurten Sail Ofizialean, eta ika-mika sortu du, kritikari askok egurtu baitu Miquel Barcelo margolariaren bidez François Augieras frantziarraren figura gogora ekartzen duen lan berezia.

Saltsa eta ika-mika eragin du Sail Ofizialean aurkeztu duzun Los dobles pasos filmak. Jendeak txaloka hartu zuen, baina kritikak batez ere ulertzen zaila dela azpimarratu du.

Bai, ziur asko ulertu behar ez diren gauza batzuk ulertzen saiatu direlako. Kritikari batzuen arazoa da dena ulertu nahi hori. Ulertzeko baino gehiago, norberaren burua eramaten uzteko film bat da. Umeentzako film bat izan liteke, marrazki bizidunen tankerakoa. Pertsonaia bat aldatu egin liteke sekuentzia batetik bestera. Azken finean, abentura film bat da. Oso bitxia da: normalean, autore filmei geldoak izatea kritikatzen zaie, eta kontrako zerbait egiten duzunean, horixe kritikatzendizute. Bagenekien zenbaiti ez zitzaiola batere gustatuko, eta beste zenbaiti asko gustatuko zitzaiola. Hala izan da, eta ona da hori.

Abentura bitxi batzuen film bat dela esan duzu zuk zeuk. Hainbesteko bitxitasunak gidoiaren egitura ahultzeko beldurrik ez al duzu izan?

Niretzat, abentura film soil bat da, baina bitxitasunarena gaineratu nuen badakidalako gaur egun dena konbentzionala dela, eta ikusleari abisu egiteko, ez zezan iruzurrik sentitu. Filmak antzinako abentura zinemaren ereduari jarraitzen dio: Pasolini, Kurosawa... Galtzen ari den zinema mota bat da. Filmaketa egin dugun lekuan, Malin, ez dute argindarrik, ez dute telebistarik... Horregatik dira hain onak istorioak kontatzen, eta gaitasun hori berreskuratu nahi nuen, Pasoliniren Il fiore delle Mille e una notte-ren erara. Barcelok berak esan zidan bertako biztanleekin lehiakor izateko Jesu Kristoren istorioa kontatu ziela behin, eta, gustatu zitzaiela ikusita, Frankenstein eta Billy The Kidena ere kontatu zizkiela. Handik astebetera konturatu zen istorio horiek nahasturik kontatzen zituztela haiek, baina modu aberasgarri batean. Eta ez zuten behar esplikazio gehiago.

Horregatik esan duzu umeek modu naturalagoan uler dezaketela zure filma?

Asko dira filmei ikuspuntu profesionaletik baino begiratzen ez dietenak, eta are gehiago jaialdietan. Ondo igarotzeko gogoz doanak asko disfruta dezake film honekin, bisualki irudi ederrak eta indartsuak dituelako.

Sekuentzia batzuen edertasun bisuala agerikoa da, oso iradokitzailea. Esan baino gehiago, iradoki egin nahi izan duzu ?

Ez, esan eta iradoki nahi izan dut aldi berean. Filmak hainbat plano ditu, Afrikako paisaiak dituen bezala. Nahi genuen modu primarioan ikusi nahi duenak aukera bat izan zezan, eta metaforak eta arteari buruzko gogoetak ikusi nahi dituenak ere aukera izan zezan. Irakurketa asko egin daitezke. Orain dena polarizatuegia dago zineman, eta barregarria da hori.

Zer dago polarizatua?

Dena sailkatu egiten dugu, edo kultua da edo herrikoia da, edo komertziala da edo esperimentala... Eta ez soilik kritikariek, baita ikusleek ere. Guk nahi izan dugu gauza herrikoiak eta kultuak nahasian ematea. Nik ezagutzen dudan jende gehienak bi kultura moduekin gozatzen du. Gozatzen du Back to the Future-rekin eta gozatzen du Truffauten filmekin ere.

Dokumental tankera du batzuetan, fikziozkoa besteetan, abentura, komedia, drama... Batasun estilistikoak baino gehiago ardura dizu batasun atmosferikoak?

Bai, hori da. Film bakoitzak bere estiloa izan dezan saiatzen naiz, kontatu nahi dudanaren arabera, eta film honen barruko sekuentzia bakoitzak ere bere estiloa dauka. Zenbaiti nahasgarria gerta dakioke, baina aukera ematen du sekuentzia batekin ez bada bestearekin disfrutatzeko. Geroz eta gehiago gertatzen zait niri ere: akaso ez zait film bat osorik gustatuko, baina sekuentzia edo plano bakar batek hilabeterako poza eman diezadake. Eta hilabetea diot, nahita. Egun, gauzek oso gutxi irauten dute, eta saiatu beharko genuke apur bat gehiago iraun dezaten.

Bere urrezko aroan dago dokumentala?

Urrezko aroan ez, bere aro plural eta zabalenean dago dokumentala. Uste dut ohartu garela dokumentalarekin ia edozer gauza konta litekeela. Jende gazteak geroz eta interes handiagoa du dokumentalean. Dokumentala ez da genero bat, denetik sartzen den zaku bat baizik.

Miquel Barcelok bi film egiteko inspirazioa eman dizu. Zerk erakartzen zaitu haren lanetik eta figuratik?

Haren lana ezagutzen nuen, eta koadro batzuk izugarri gustatzen zaizkit. Baina, horretaz gain, lan egiteko antzeko moldea izan dezakegula uste dut.

Zein da lan molde hori?

Aldi oro gauza berriak egitea. Batzuetan publiko zabalarentzako gauzak egitea, eta bestetan oso abstraktuak egitea, eta, batez ere, figurazioaren eta abstrakzioaren artean bereizketarik ez egitea. Aurrez ezarritako ideiarik ez izatea, eta aukera guztietara zabalik egotea da gakoa. Azken finean, musika klasikoarekin baino gehiago jazzarekin du zerikusia gure lan egiteko moduak, nolabaiteko inprobisazioarekin.

Zein gai jorratuko zenuke gustura, eta zein gairi ez zenioke helduko inondik inora?

Ia edozein gai jorratuko nuke. Tira, edozein ez. Adibidez, lagun batek esaten zidan Manuel Fragari buruzko lan bat egin beharko nukeela, eta alde batetik interesgarria zait, pertsonaiak jokoa ematen duelako, eta gauzak salatu egin behar direlako. Baina gero, pentsatzen jarriz gero, batere gustuko ez dudan pertsonaia bat buruan denbora luzez izateak nekea eragiten dit, eta ez dut halakorik egingo. Gainerakoan, orain, komedia lantzeko irrikaz nago. Albert Plarekin batera telebistarako saio bat prestatzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.