Urrezko Globo beltzak iragarri dituzte gaurko

Sexu jazarpeneko kasuak salatuko dituzte gaur gauean sariak banatzeko jaialdian. 'The Shape of Water' pelikulak du izendapen gehien: zazpi

Sally Hawkins eta Octavia Spencer, The Shape of Water pelikulan. KERRY HAYES.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Gaur gauerditik aurrera hasiko dira desfilatzen Hollywoodeko izarrak Los Angelesko Beverly Hilton hotelerako bidean, han banatuko baitira 75. Urrezko Globoak. HFPA Atzerriko Prentsaren Hollywoodeko Elkarteak ematen ditu globook, aurreko urteko zinema eta telebista lanik onenak saritzeko. Aurten, Seth Meyers umoristak beteko ditu aurkezle nagusi lanak. Hautagaien artean, Guillermo del Toro mexikarraren The Shape of Water filmak jaso du izendapen gehien: zazpi, guztira, dramarik, zuzendaririk, gidoirik eta emakumezko aktorerik onenaren saria tartean direla. Greta Gerwigek zuzendu duen lehen filmak, Lady Bird-ek, lau izendapen jaso ditu, eta Luca Guadagnino italiarraren Call Me by Your Name-k, berriz, hiru. Ez bata ez bestea ez dituzte sartu, baina, zuzendari onenaren saria jasotzeko hautagaien artean. Hau da zuzendari hautagaien zerrenda: Martin McDonagh (Three Billboards Outside Ebbing, Missouri), Christopher Nolan (Dunkirk), Ridley Scott (All the Money in the World), Steven Spielberg(The Post) eta aipatu Del Toro.

Ingelesa ez beste hizkuntzetan egindako filmen atalean, Sebastian Lelioren Una mujer fantástica, Angelina Jolieren Moun dambaung Khmer Krahm samleab ba robsa khnhom, Fathi Akinen Aus dem Nichts, Andrei Zviagintseven Nelyubov eta Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen Ruben Ostlunden The Square lanak dira hautagai.

Telebista ekoizpenenarloan, Big Little Lies-ek bildu du izendapen gehien: lau. Telesail labur edo telefilm onenaren saria jasotzeko hautagaien artean daude, aipatu horrekin batera: Fargo; Feud: Bette and Joan; The Sinner; eta Top of the Lake: China Girl. Telesail onen bihurtzeko hautagai dira: Game of Thrones, The Crown, The Handmaid's Tale, Stranger Things eta This Is Us.Bihar goizaldean argituko da nortzuk diren sarituak arlo guztietan.

Soineko beltzez

Egia da bertako faktoriak ekoitzitako lan askok eta askok mezu oso atzerakoia duela funtsean, baina Hollywood dirudun aurrerakoien erresumatzat jo izan dute Ameriketako Estatu Batuetan bertan, Joseph McCarthyk 1950ean abiarazi zuen komunista ehiza garaitik. Azken hauteskundeetan, Hillary Rodham Clintonen aldeko eta Donald Trumpen aurkako mezuak zabaltzen nabarmendu ziren Hollywoodeko izar asko. Rodham Clintonen alde egin zuen AEBetako orduko zinema industriako gizonik boteretsuenetako batek ere: Harvey Weinsteinek. Clintondarren kanpainak diruz babesten urte askotan aritua zen Wintsein, eta bestelako kanpaina bateko protagonista bihurtuko da bera gaur gauean. Urritik hona, dozenaka emakumek leporatu diote eraso eta jazarpen sexualak egin izana. Weinsteini, eta Hollywooden eragina izan duten beste hamaikari, Me Too (Ni ere bai) kanpainaren bitartez. Eraso eta jazarpen horien salaketa keinu gisa, gaurko Urrezko Globo banaketara beltzez jantzita agertuko dela iragarri du hainbat emakume aktorek. Gizonezko zenbait ere gehituko omen zaie. Gaurkoa izango da Hollywoodeko urte askotako jazarpen sexual giroaren aurkako lehen sari banaketa ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.