Epaimahaiak ez zuen gerrarik nahi, eta, behingoagatik bada ere, bakea sinatu zuen Donostiako Zinemaldiko kazetari eta kritikariekin. Urrezko Maskorra Lu Chuan zuzendari txinatarraren City of Life and Death filmari emateko erabakia txalotua izan zen, baita Laurent Cantet epaimahaiburuak ingelesez irakurritako irabazleen zerrenda osatzen duten gainerako sari gehienak ere. Horrela, epaimahaiaren sari berezia François Ozonen Le refuge-rentzat izan da, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Javier Rebollok (La mujer sin piano) jaso du, eta interpretazio onenaren bi sariak Pablo Pineda eta Lola Dueñasek eraman dituzte, biak Yo, también filmean egindako lanarengatik. Txistu bakarrak Rebollo eta Pinedaren sariak iragartzean entzun ziren, ozenagoak Down sindromea duen aktorearen kasuan.
Kiniela gehienetan Urrezko Maskorra eramateko faborito agertzen zen pelikulak, El secreto de sus ojos-ek, ez du saririk jaso, eta alde horretatik galtzaile atera dela esan daiteke. Baina areto komertzialetan etorkizun oparoa izango du pelikulak, kritika osoa ados jartzeaz gain publikoak ere goraipatu baitu Juan Jose Campanella argentinarraren filmea. Zalantzarik gabe, El secreto de sus ojos eta Urrezko Maskorra eraman duen pelikula nabarmendu dira batez besteko maila apala izan duen sail ofizialeko lehiaketan.
Espainiako zinema
Gerrako film peto-petoa da City of Life and Death. 1937an Nanjing hirian -Txinako behin-behineko hiriburua garai hartan- Japoniako armadak egindako sarraskia gogora ekarri du Lu Chuan zuzendariak, zuri-beltzean filmaturiko pelikula gordin eta bortitz, zenbait unetan zirraragarri eta estetikoki ederrean. Filmarekin Nanjingen gertatutakoaren «egia» Txinatik kanpoko jendeari ezagutarazi nahi diola adierazi zuen Chuanek pelikularen emanaldi txalotuaren ostean. Sari nagusiaz gain, argazki onenaren saria ere eraman du City of Life and Death-ek. Filmari ez ezik, «sarraskian hil ziren guztiei» emandako saria dela adierazi zuen zuzendariak amaiera ekitaldian.
Lo que sé de Lola-rekin 2006an esku hutsik joan ostean, Javier Rebollo espainiarrak zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eraman du bere bigarren film luzearekin, La mujer sin piano. Zinema egiteko molde berezia erakutsi du Rebollok berriz ere, plano luze eta enkoadre finkoetan oinarriturikoa. Hain zuzen, Donostiako Zinemaldiak mota guztietako zinemaren alde egindako ahalegina eskertu zuen Rebollok saria jasotzerakoan. «Espainian beste zinema bat egin daiteke», esan zuen, begitarte serioa jarriz.
Aktoreen sariak Yo, también filmeko protagonistei eman dizkieepaimahaiak. Lola Dueñasen izena hautagaien artean aipatzen zen, baina Pablo Pineda saritzeko erabakia eztabaidatua izan da. Izan ere, bere burua interpretatzen du Pinedak filmean, bere lankide batez maitemintzen den Down sindromeak jotako gaztearen rolean.
Haurdunaldi saritua
Beste sari garrantzitsua, epaimahaiaren sari berezia, François Ozonen Le refuge-k jaso du. Haurdunaldian drogak utzi eta erredentzioaren bidea aurkituko duen emakume baten inguruan film sentibera egin du Ozonek.Haurdun zegoen aktore batekin (Isabelle Carre) lan egitean zuzendari frantziarrak erakutsitako «sentsibilitatea» nabarmendu du epaimahaiak.
Gidoi onenaren saria Blessed filmeko lau gidoilarientzat izan da, gurasoen eta seme-alaben arteko inkomunikazioari buruzko hainbat istorio gurutzatzen dituen lanarekin.
Urrezko Maskorra Txinako hilentzat
Epaimahaiak Lu Chuanen 'City of Life and Death' filmari eman dio sari nagusia, eta François Ozonen 'Le refuge'-ri sari berezia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu