Literatura. 'ATZORAKO GERATZEN DENA'

Urrezko pipiten bila

Iratxe Esnaola.
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Egilea: Ana Urkiza.

Ilustrazioak. Maite Bastida Urkiza.

Argitaletxea: Elkar.

Aforismoa sententzia laburra bezala defini daiteke, bizi esperientziatik eratorritako jakituria oinarri hartuta idatzi dena. Ana Urkiza (Ondarroa, 1969) idazle ezaguna da. Haren lanak askotarikoak dira. Besteren artean, poesia, ipuina, gazteentzako eleberria edota Zortzi unibertso, zortzi idazle saiakera landu ditu. Atzorako geratzen dena honetan aforismo laburrak dakartza, bi lerro baino luzeagoak ez, gehienak. Paperean aurkeztuak dauden moduak, sententzia bakoitzaren artean espazioa utziz, aforismoak irakurria izateko behar duen barne egoera pausatuan laguntzen du. Sententzietara ohitua ez dagoen irakurleak eskertuko ditu kontu hauek, jakin behar baitu liburu hau ezin dela, hasi eta buka, irakurraldi bakarrean irentsi. Parte hartzea eskatzen du, baina ez hainbeste irudimenaz hutsuneak betetzekoa, baizik gogoeta, eztabaida, ideiak ordenatzekoa.

Bila dabilen ahots bat da Ana Urkizarena. Zalantzan jartzen du ia dena, munduan bere existentziak duen aztarnari adi. Kontzeptuen ikuspegi propioa du: zer da egia, zer erraza, zer memoria, zer maitasuna, alferkeria, duintasuna, behin bere galbahetik iragan ostean. Sineste sakonak dira batzuk. Harremanetatik ateratako ikasgaiak, besteak. Biluzte ariketa bat da, finean, eta bizialdian ikasitakoa erakusteko eskuzabaltasuna. Presarik gabe. Egileak berauek idazten eman duen denboraz aipamenik egiten ez den arren, irudipena dut urteak direla Ana Urkizak bare eta lasai, edo kitzikapenez eta presaka, aforismook diziplinaz apuntatzen jardun duela. Erabilitako metodoa alderantzizkoaren bila abiatzea izan da askotan. Baiezka ezagutzen ditugun esamoldeak ezezka jarriz, kontrako terminoen kontrastea bilatuz, irakurlea pentsaraztera gonbidatuz. Bestalde, tituluak iradokitzen duen moduan, denboraren gaia nabarmentzen da; askotan aipatzen dira iragana, oraina, etorkizuna. «Denbora da bizitzaren trena; hartu edo ez hartu». Gaurraren estimua da baloratzen. Nahiz eta jakin gaur ez dela asko, denbora etengabe erre eta errausten denez.

Zaplazteko edo argi itsugarri izatea eskatzen diot aforismoari. Ez da erraza hori. Kontzeptu batzuekin ez naiz ados sentitu eta bestetzuk jada entzunak sentitu ditut. Baina argia pizten duten errebelazioak izan dira eta hori ez da gutxi. Are gehiago, zalantza alboan dakarren ahotsa dela jakinda, nagusitasun asmorik gabea. «Erantzunen gainetik bizi da zalantza». Baita ziurtasunak baino dudak dituelako bere: «Dakidan ezereza irakatsi beharko banu, ez nuke jakingo inondik hasten». Galderak irristatu zaizkiolako eta bilatzeak helmuga zehatzik ez duelako ere atsegin izan dut, eta egia erdiesteko asmorik ere ez duelako, nahiz gehientsuen errepikatzen duen terminoa izan: «Egia da gezurrik faltsuena». Hitzak dira beste puntu garrantzitsua. Esan gabe geratzen denak ez du esandakoak duen presentziarik beretzat. Baina aldi berean, isiltasunak balio preziatuenetakoa dirudi. Ez dira falta literatura eta poesiarentzat definizioak, ezta arteari buruzkoak ere: «Artelanak ez dira esplikatu behar. Ulertzearekin nahikoa da». Hain zuzen, ilustrazioz lagunduta dator liburua. Maite Bastida Urkiza bere alabak egin ditu zazpi irudi lagungarri eta Unai Pascualen argazki batean oinarrituta Antton Olariagak egin du azala. Bertan, ur bazter batean dauden harri zuri-beltzen artean, lau harri koloreztatu ikusten dira. Kolorea berezia da gris arruntaren erdian: urrezko pipitak dirudite dirdiraka. Hitz mordo honen artean, beste hainbeste argiune aurkituko ditu irakurleak, ia seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.