FIPAren 19. ekitaldia asteartean hasi eta atzo iluntzean bururatu zen, sari banaketarekin. Orotara, 36 herritatik etorri 104 film lehiatu dira tarte horretan. Saritu guztiak gaur ikusten ahalko dira, 10:00etatik aitzina, Herriko Kasinoa, Bellevue eta Gare du Midi aretoetan.
Fikziozko lanik onenaren sari nagusia Mein Mörder Austriatik etorri filmari eman diote. Nazien garaiak ditu aipagai Elisabeth Scharangen lan horrek. Pierre-Henri Deleau jaialdiko ordezkari nagusiarentzat, «film horrek frogatzen du Austrian naziak borrokatzeko zinezko nahikeria bat izan dela gerlatik landa».Izan ere, egiazko gertakari batean oinarritzen da lana. Hansen istorioa kontatzen du. 10 urterekin bere eskolako zuzendariak eutanasia praktikatzen duen erietxe nazi batera bidaltzen du. Handik ihes egitea lortzen badu ere, hamar urteren buruan erietxeko zuzendariak aurkitzen du eta erietxe psikiatriko batera bidaltzen. Hortik zenbait urtera, auzitegiak zuzendaria kondenatuko du Hansen borrokari esker.
Zeru horiek Aitzpea Goenagaren euskal fikzioak, berriz, ez du saririk eskuratu, baina horrek ez du kentzen aurtengo jaialdiko lan arrakastatsuen artean dagoela filma. Atzoko emanaldian ere jende anitz bildu zen. Dokumentalen sailean, urrezko FIPA Sisai filmari eman diote. David Gavro israeldarrak egina, jatorri etiopiarra duen israeldar baten bidaia segitzera gomitatzen du. Gai nagusia nortasun bilaketa da. Erreportaien saileko urrezko saria Suediara joan da. Hannes Rastamen Uppdrag granskning: Fallet Ulf lana Suediako epaitegiak egin akats batez interesatzen da. Alaba batekbere aita akusatu zuen drogatu eta bortxatu zuela eta. Hiru urtez preso egon eta azkenean justiziak onartu zuen aitaren errugabetasuna argiki erakusten zuten froga batzuk gorde zituela. Zilarrezko FIPA ukan duen erreportaiak, berriz, Errusiako Beslan herrian 2004ko irailean gertatua barnetik bizitzeko aukera ematen du. Leslie Woodhead eta Ewa Ewartek gertakari latza jasan zuten haurren lekukotasuna bildu dute. Children of Beslan-en, haurrek beren hitz xume bezain adierazgarriekindeskribatzen dute nola ikusi zituzten beren lagunak eta amak tirokaturik hiltzen. Irria eta negarra ez daude behin ere urrun horiek entzutean. Batek dio, adibidez, bahitzailez inguraturik, begiak hetsi eta Harry Potter beren salbatzera etorriko zitzaiela amesten pasatu zituela orduak. Funtsean, FIPAko epaimahaikideak ez dira izan hunkitu diren bakarrak. Gazte europarren epaimahaiak ere bere lehen saria erreportaia horri eman dio.
Caroline Huppert, lehendakari berria
Sariez gain, atzoko gauaz baliatu ziren ondoko urteetako lehendakari berria aurkezteko ere. Yamina Benguiguik hiru urtez postu hori atxiki eta, hemendik aitzina Caroline Huppertek du beteko lehendakari funtzioa. Jaialdiko legeak dio hiru urtez behin aldatu behar dela. Horiek horrela, antolatzaileek goraipatu nahi izan dute Benguiguik eraman lana, «bereziki bere engaiamendua eta ausardia», adierazi zuen Bernard Chevry lehendakariordeak. Caroline Huppert, Isabelle Hupperten ahizpa, batez ere ezagutua da telebistarako egin filmengatik.
FIPAk orain arte ukan zorroztasunarekin jarraituko duelakoan hautatu dute Huppert arduradunek. Aurten, hasteko, profesionalen kopuruan FIPAk itzalgune bat izan duela damu izan dira arduradunak. Kate nagusi zenbait ez dira etorri telebistarako ekoizpenen merkatuan parte hartzera.
Urrezkoa, Austriara
Naziek Austrian egin desmasiak aipatzen dituen 'Mein Mörder' filma eta 'Sisai' dokumentala saritu ditu FIPAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu