Ezohikotasuna bezain literarioa bada behintzat ohikotasuna. Baina ezohikotasunak erakartzen digu arreta errazago, jartzen dizkigu begi-belarriak erne aiseago. Ohikotasunetik kanpoko zenbait gertaerak jantzi zuten atzo Donostian Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobela berriaren (Erein) aurkezpen ekitaldia. Ohikotik kanpokoa da gurean, salbuespen gutxi batzuekin, liburu baten aurkezpenak bizpahiru kazetari eta oso gertukoen jendearen arretaz haragoko oihartzunik eskuratzea. Atzokoan Donostiako hotel bateko areto ertain bat bete egin zen. Ohiz kanpokoa da, nahiz eta Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak esan bezala 1969an Egunero hasten delako plazaratzeaz geroztik «haren argitarapen gehienak mugarriak izan diren». Kandinskyren tradizioa (2003) gazteentzako nobela eta Bi bihotz, hilobi bat (2001) eleberria zituen orain arteko azken liburuak. Ia hamar urteko isiluneak ere areagotuko zuen ikusmina — nahiz eta Ene Jesus-etik (1982) Hamaika Pauso-ra (1995) isilune nabarmenagoa egin—, eta bultzatuko zuen, idazleak berak esan bezala, aurkezpena «zeremonia laiko» bihurtzera.
Ohiz kanpokoa da, halatsu, liburu berri bat aurkezteko beste idazle baten (adiskide izan edo ez izan) laguntza izatea ez, baina bai harekin dialektika bat sortzea gaibaten inguruan. Atzokoan sortu zen egilearen eta Markos Zapiain idazle eta kritikariaren artean. Dialektika baketsua. Zapiainen iritzian, gai garrantzitsuena jelosiarena du Martutene-k: «Emakumearen jelosiaren ikerketa sakon bat da liburua». Baina, nahiz eta liburua plazaratu aurretik egileak berak eta beste zenbaitek asko aipatu izan duten erruaren gaia, Zapiainek «azpisail» modura kokatuko luke: «Errua baino deigarriagoa egiten da, aurreko nobelak kontutan hartuta, errugabetzeko ahalegina. Hori, orain artean ez da egon, eta ahalegin hori lotua dago patuaren onarpen lasaiago bati».
Liburuan euskaldun ez den pertsonaiak, alegia, Max Frischen eleberri bateko protagonistaren izena duen Lynn soziologo estatubatuarrak irudikatzen du patuaren onarpen lasai hori. Patuaren onarpen lasaiago bat ere lagun izan du Saizarbitoriak ia 800 orrialde dituen nobela ontzeko. «Ez dut izan ia ezeren beldurrik. Libre sentitu naiz. Gero eta gauza gutxiago dut galtzeko. Zahartzaroak baditu gauza onak....».
Saizarbitoriak ez du ukatzen jelosiaren gaia jorratu duenik, baina bigarren maila batean kokatu du. «Jelosiarena lehendik zetorren gaia da, eta erruarena, berriz, berriagoa da. Nire iritzian, presentzia handiagoa du nobelaren garatzean. Erruaren gaia gehiago landu dut. Baina, egia da nobela batean nahi gabe ere esaten direla gauzak. Eta hor dago kritikaria gauza horiek zein diren esateko».
Zapiainen iritzian, «betiko gaiak» jorratzen ditu Saizarbitoriak lan berrian, «baina ikuspuntu berri batetik, eta, beharbada, ez orain artekoetan bezain modu ilunean. Bizitzaren aldeko aldarria dago, eta hori bada berritasuna». Halere, nobelaren puntu ilunen artean maitasun harremanak nabarmenduko lituzke Zapiainek. Eta maitasun kontuen artean, batez ere, jelosia kontuak. «Emakumearen jelosiaren ikerketa sakon bat da liburua, eta kontrakotasun bat gizonaren jelosia sentimenduarekin. Jelosiak gizonei eragiten diena da amorrua, etsipena… Emakumeek aldiz, gaitasun handiagoa dute barkatzeko eta orainaren mesedetan ardurak hartzeko».
Max Frischi omenaldia
Ez da debaldekoa pertsonaietako batek Max Frischi egitea erreferentzia. Idazle suitzarraren itzala saihestu ezinekoa baita nobela guztian, izenburutik beretik hasita. Frischen Montauk nobelak leku izen bat du izenburutzat, Martutene-k duen bezala. Azken maitasun istorio bat kontatzeko aitzakiarekin, bere bizitzaren gainbegiratze bat egiten du Frischek bere nobelan. Saizarbitoriak ere atzera begiratzen du berean, bere paisaiak dakartza gogora, Donostia «ederrago» baten nostalgia, aro baten amaiera... Nobelan istorio asko kontatzen dira, baina pertsonaiek daukate berezko nortasuna eta indarra, beren harremanekin eta beren afektuekin. Bi kontaketa batzen ditu bakarrean: Iñaki Abaitua ginekologoak egindakoa kapitulu bakoitietan; Julia itzultzaileak egindakoa bikoitietan. Pertsonaia batzuk, ordea, bi kontaketetan ageri dira; Martin izeneko idazlea —hark ere Frischen nobelako pertsonaia batek bezala abizenik ez duena—adibidez.
Narratzaileetako bat emakume izateak ez dio arazorik eragin Saizarbitoriari: «Naturala iruditzen zait. Ez zait hain zaila iruditzen. Beste kontu bat da nola egiten dudan». Emakumezkoaren ahotsa, Juliarena, «askoz ere interesgarriagoa» zaio gainera: «Emakumea denez, gehiago arduratzen da besteez, eta datu gehiago ematen ditu bere inguruneaz. Abaitua autistagoa da. Bere arazo eta gauzetan zentratzen da gehiago. Hori ondo zetorkidan. Ez nion ahotsik eman nahi idazleari. Nahiago nuen emakume baten ikuspegia».
Liburuaren ardatz giza harremanak, maitasun kontuak, jelosiak, erruduntasunak eta beste izanik, liburuak «badu melodramatik», Saizarbitoriaren hitzetan. Eta melodramatik izateak «badu arriskurik», baina estiloak salbatu duela iritzi dio. Umorez eta ironia zantzuz egin zuen bere aurkezpena idazleak, eta honako hau esan zuen estiloaren inguruan: «Sinetsi nahi dut estiloak salbatu egiten nauela. Eta esango dizuet hau off the record: uste dut estiloa badudala eta estiloak salbatu egiten nauela. Estiloak salbatu egiten dituela pertsonaiak». Seguru-seguru gauza batez dago: «Fede onez idatzitako liburua da». Eta gainera sinetsita dago ez dela liburu aspergarria. «Uste dut badagoela tentsio narratibo bat, narratze teknika bat, laguntzen duena irakurlea liburuaren bukaeraraino hel dadin».
Eskerrak eta barkamena
Ohikoa izaten da da liburuen aurkezpenetan esker onei tarte bat eskaintzea. Ez da hain ohikoa, ordea, idazle handi izendatuen artean esker oneko hitzak izatea. Saizarbitoriak jende asko eskertu zuen atzo, Iñaki Aldekoa editorea, Josu Landa, Patri Urkizu eta eta Mariasun Landa idazleak, besteak beste. Baina, esker berezia adierazi zuen Koldo Izagirrerekiko: «Berak ez zuen azaldu nahi liburuan. Baina nik ez nuen bere lana aipatzeke utzi nahi. Nahi nuen jendeak jakitea nola lagundu didan. Asko lagundu dit. Harreman fuertea izan dugu azken hiru hilabeteetan. Proposamen asko egin dizkit, eta ez normalean zuzentzaileak egiten duen bezala… baizik eta argudiatuz, askotan folio luzeetan. Ez dizkiot guztiak onartu, zeren bestela ez nintzen neu izango. Hori ez du gaizki hartu. Pozik nago, harro ez esateko, elkarrenganako errespetu handiarekin egin dugu lana. Elkarlana egiteko nostalgiarekin geratzen naiz».
Ezohikoa dena, halaber, liburua aurkeztu berritan barkamen eskaera bat egitea da. Pertsonaiak eraikitzeko «erabili izanagatik» barkamena eskatu zien izendatu ez zituen hainbat pertsonari: «Erabili egin ditudalako. Okerrena da, gainera, ez ditudala erabiltzen erretratu bat egiteko. Hori, beharbada, jendeak onartuko luke... egiten duguna da jendea erabili beste zerbait sortzeko, Frankensteinen moduan...».
«Uste dut estiloa badudala, eta estiloak salbatu egiten nauela»
Ramon Saizarbitoriak batez ere erruaren gaia landu du 'Martutene' lanean, bi bikotek eta beste lagun batek osatutako nobelanGiza harremanak ardatz dituen lan mardula ondu du, bi ahots narratibo erabilita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu