Ustekabearen logika

Agus Perez.
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Konpainia: Iker Gomez - Teatro Fisico. Lekua: Niessen aretoa (Errenteria).

Eguna: Abenduak 11.

Agus Perez

Nazioarteko maila eta ibilbide ukaezina du dantzari eta bideo-sortzaile gisa, baina bere aurkezpen pertsonala egin du Iker Gomez eibartarrak, apal-apal, Niessen aretoan egoteak berarentzat zekarren poza adierazteko, eta are gehiago bere urtebetetze egunean. Duela bi urte ikusi genuen Bilboko BAD jaialdian bere lehen performance-a (Absurdo), eta nik uste dut oraingo hau izan dela jaioterrira egindako bigarren bisita.

La danza del cisne izeneko proposamenak Txaikovskiren Beltxargen aintzira hartzen du abiapuntutzat, eta haren inguruan eraiki du artistak bere unibertso askea, benetako artearen eskakizun oro zorroztasun osoarekin betez eta bere ikurra den aktibismo existentzialari kemen handiarekin ekinez.

Agertokiaren erdia lauki handi batek betetzen zuen, eta albo batean neska bat zegoen, eserita. Geroago deskubritu dugu laukia aintziraren irudikapen eskematikoa zela eta nonahi agertzen ziren paper bolatxoek beltxarga faltsuak irudikatzen zituztela. Izan ere, ezer ez da izan hasiera batean zirudiena, eta jarrera estatikoan zegoen neska anonimoa ere biolinista trebea bihurtu da geroago -Nerea Alberdi bilbotarra-, eta balletaren musika interpretatu du nekatu gabe, Ikerrek leku batetik bestera garraiatzen zuen bitartean.

Iker, bere aldetik, etengabeko ariketa fisikoan murgildu da, eta gaitasun fisiko bikaina erakutsi du, bere clown, performer eta dantzari klasiko fazetak era ezin pertsonalagoan elkartuz eta mugimendu sinkopatuekin bat-bateko aldarte ugariak sortuz. Beste ekintza askoren artean, eta papiroflexiazko stop-motion dibertigarriak ahaztu gabe, alboko pantaila batean munduko politikari, elizgizon eta militarrak agertu dira beren gezurrezko berbaldietan tematuta, eta haien aldean interesgarriagoa iruditu zaigu pentsamendu zientifikoaren paradoxak azaltzen dituen Karl Popperren irakurketa. Baina, batez ere, askoz sinesgarriagoa egin zaigu artistaren diskurtso fisiko eta plastikoa, eta berarekin argi bat ikusi dugu ustekabearen logika ezkutuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.