Utopia bizi jarrera gisa

Poesia, antzerkia, pintura eta musika uztartuko ditu Metrokoadroka sormen laborategiak 'Hura ez da lekua' ikuskizuneanBihar estreinatuko dute lana, Errenterian, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan

Iñigo Ortega aktorea, atzean Idoia Beratarbideren margolanak dituela, Hura ez da lekua ikuskizunean. METROKOADROKA SORMEN LABORATEGIA.
Ainhoa Sarasola.
Pasaia
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Utopia, zoriontasuna eta askatasuna. Luze egin daiteke gogoeta kontzeptu horien inguruan, eta halaxe egin dute Metrokoadroka sormen laborategiko kideek, elkarrekin, Hura ez da lekua ikuskizun berria lantzean. «Ongi dago beti zer edo zer hobeagoaren zain egotea, baina ez esperoan egotera ohitzea. Badira hemen eta orain egin ditzakezun gauza asko askatasuna eskuratzen hasteko», Oier Guillan taldekidearen esanetan. Ideia horri ikuskizun forma eman diote Guillanek eta Asier Sarasolak beren poemetan, Idoia Beratarbidek margolanetan, Iñigo Ortegak antzerkian eta Ander Fernandezek musikan. Adierazpide horiek guztiak nahasten dituen obra bihar estreinatuko dute, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan, Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen aretoan, 20:00etan.

Ortegak izan ezik, beste lau kideek elkarrekin lan egin zuten Eskuen sustraiak ikuskizunean. «Askotan aritu gara elkarrekin, baina aurreko lan hartan bereziki gustura geratu ginen lortzen ari ginen kodearekin; pintura, musika eta hitzaren arteko harremanarekin», Guillanen esanetan. Bide horretan sakondu nahi zuten ikuskizun berrian, formatu berari eutsiz, baina «aktore baten probokazioa gehituz», eta Ortega batu zen lan taldera.

Lau hilabeteko sorkuntza prozesuan murgildu zen taldea, hutsetik abiatuta. «Zeri buruz hitz egin adostu nahi genuen, eta ondoren testuak idatzi. Hitz egin dugu zein unetan gauden, zein kezka ditugun eta non topatzen dugun elkar. Eduki aldetik, beharrezkoa iruditu zaigu ikuskizunean dagoena denon ahotsa izatea».

Eta zoriontasunaren ideiaren inguruko gogoetan topatu zuten elkar. «Zer saldu diguten eta zer erosi dugun utopia bezala, zoriontasun bezala, inoiz iristen ez den baina beti desiratua den askatasun bezala... Horri buruz gogoeta egin genuen». Eta konturatu ziren utopia bidea izan daitekeela, baina baita «bertan eta orain egoteko modu bat» ere. Hortik ikuskizunaren izenburua, Hura ez da lekua: «Ez dut han dagoen lekurik nahi, baizik hemen eta orain, itxaron gabe, askatasuna eskuratzea», laburbildu du Guillanek. «Saldu izan zaigun zoriontasuna» ez dela helmuga bat gehitu du Beratarbidek, «egunerokotasunean jarrera batekin eta egite horrekin kontziente izanda» bizi daitekeen zerbait baizik.

Saltzaile bat protagonista

Ondorio handiak ateratzen saiatu beharrean, pertsona arrunten egunerokoari begiratu nahi izan diote. Hala, gogoeta hori pertsonaia batek islatuko du ikuskizunean. Atez ateko saltzaile baten rola interpretatuko du Ortegak, eta haren bizitzako egun bat antzeztuz, bere bi aurpegiak azalduko ditu: lanean, publikoan «maskara» jantzita daramanekoa, batetik; eta etxeratzean «askatasun eremu propioa, zirku intimoa» topatzen duenekoa, bestetik. Taldekide guztien jarduna ordezkatuta dago pertsonaia nagusian. Ortegaren ustez, «antzerkiak diziplina guztiak jaso behar ditu, eta forma eman». Horretarako soiltasunera jo nahi izan du aktoreak.

Aldi berean, ideia bera garatuko du Beratarbidek bere margolanetan. Bi metro luze eta metro bat zabal diren hiru oihal beltzetan, koloretako argizariekin marraztuko ditu gogoeta nagusiak sorrarazi dizkion irudiak. Ez da ordubetean etengabe marrazten ariko, eta panelak lekuz aldatu eta espazioak sortzeko ere erabiliko dituzte. Hala, bere lanek «zirriborro itxura» izango dutela azaldu du margolariak. Bitartean, balalaika, gitarra, klarinetea edo kalimbarekin «unibertsoak, atmosferak» sortzen ariko da Fernandez.

Guillanek eta Sarasolak euren poemak errezitatuko dituzte. Narratzailearen rola jokatuko dute batzuetan, eta besteetan pertsonaia nagusiaren pentsamendua azalduko dute. Garrantzi berezia eman diote presentzia eszenikoari, eta horretan Ortegak kanpotik zuzendu izana oso lagungarri izan zaio Guillani. Hala aritu dira denak sortze prozesuan, nor bere adierazpidea landuz «elkar kutsatuz». Azken batean, diziplina ezberdinetatik elkarrekin aritzeko «plataforma edo zubi» gisa ulertzen dute Metrokoadroka.

Biharko estreinaldiaren ostean, martxoaren 3an Bilbon eta 10ean Iruñean aurkeztuko dute lana. Bestalde, atzeratu egin dute Korrika Kulturalaren barruko beste ikuskizunetako baten estreinaldia, Josu Camarak eta Marifeli Etxeandiak aurkeztuko duten Hilezinak antzezlanarena. Gotzon Barandiaranen testua oinarri duen lana martxoaren 4an aurkeztekoak ziren, Mungiako Olalde aretoan (Bizkaia). Data berria ez dute oraindik jakinarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.