Uztaren azken alea, finalean

Gaur jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala.Zortzi bertsolari lehiatuko dira, Elizondoko pilotalekuan.Txapelari aterik itxi gabe, «gozatu» eta «gozarazi» nahi dute zortziek

Julio Soto, Ander Fuentes Iturri, Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez eta Xabier Terreros. Oskar Estanga zortzigarren finalista falta da. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA.
Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Iritsi da Nafarroako Bertsolari Txapelketa azken geltokira. Otsailaren 7an hasi zen, Iruñeko Katakraken, «urte guztian egiten den lan isilaren fruitua» jasotzeko asmoz. Ordutik, zortzi saio eta beste horrenbeste udalerri zeharkatu ditu txapelketak, eta gaur jasoko du, Elizondon, uzta horren azken alea. Lehiatzeko gogoz baina, akaso, gehiago, gozatu eta gozarazi nahian igoko dira oholtza gainera Julio Soto, Xabier Terreros, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Julen Zelaieta. Denen artean, ordea, batek soilik jantziko du txapela.

Inoizko parte hartzaile gehien izan du aurtengo txapelketak: 33. Horietatik, joan den abenduan kanporaketa egin ostean, 30ek hartu dute parte txapelketaren azken fasean. Bost final-laurden (Iruñea, Irurtzun, Zubiri, Lizarra eta Lakuntza) eta hiru finalaurreko (Berriozar, Lesaka eta Burlata) jokatu dira guztira, eta horietan puntu gehien arrantzatu dituzten zortzi bertsolariek izanen dute orain Nafarroako 42. txapela janzteko aukera.

Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea «arras kontent» dago txapelketak orain arte egindako bidearekin; bai antolaketarekin, bai saioetara joan den entzule kopuruarekin ere. «Urtetik urtera gehiagora» doala dio, eta horrek, nolabait, «azken urteetako joera indartu» duela. Dioenez, gainera, «lehen baino jende gehiago joan da lehen fasetik. Bertsozalea, beraz, ez da bakarrik finalera joaten; hasieratik gozatzen du txapelketarekin».

Lehia eta kalitatea handitu dela ere uste du Arburuak, «geroz eta bertsolari gehiago daudelako maila bertsuan». Oraindik, hala ere, beste urrats bat falta da bertsolari gazteek erreleboa har dezaten. Adibide gisara, gaurko finala: zortzi bertsolariak izanak dira aurretik ere finalen batean. «Hau inprobisazioa da», dio Arburuak, «eta une bakar batek erabaki dezake nor pasa eta nor ez». Baina, dena dela, baikor da Nafarroako Bertsozale Elkarteko kidea, «badagoelako bertsolari multzo bat finalean sartzetik geroz eta gertuago dagoena».

Zortzikotea, gozatzera

«Profil ezberdinetakoak» dira, Arburuaren esanetan, Elizondoko pilotalekuko oholtzan kantari arituko diren zortzi bertsolariak. Finalean noiz edo noiz egondakoak dira denak, azkenekoetan batzuk (Karrika, Fernandez, Lazkoz) eta lehenagokoetan beste batzuk: Zelaieta, Estanga eta Soto, kasurako. Soto da faboritoa, askoren ustez. Aurretik ere badaki Nafarroako txapela irabaztea zer den, 2010ean eta 2011n eskuratu baitzuen. Azken txapeldunak, Xabier Silveirak, ez du aurtengo lehian parte hartu; beraz, buruz aldatuko da txapela, edonork irabazita ere.

«Gozatu» eta «gozarazi» da zortzi bertsolariek gehien errepikatzen dituzten hitzak. Ez dute lehia baztertzen, eta ez diote aterik itxi nahi txapelari ere. Are gehiago, euren onena ematera aterako direla diote. Baina oholtzan «gustura» sentitzea da denentzat lehentasuna. Bertsoak ongi osatu, ideia politak bildu, eta ale ederrak utzi. Gozatu, eta gozarazi, azken finean.

Horretarako, hainbat lan puntuagarri bete beharko dituzte zortzi bertsolariek. Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso osatu beharko dituzte, eta beste horrenbeste zortziko txikian ere. Ondoren, lehen puntua emanda hiru bertso osatu beharko ditu bertsolari bakoitzak, zortziko txikian. Hamarreko txikian ere arituko dira bertsolariak, binaka gaia emanda hiruna bertso betez. Lehen atala bukatzeko, banaka gaiari erantzun beharko diote bertsolariek, bi bertsotan, nahi duten doinu eta neurrian.

Lan horiek eginda, puntu gehien bildu dituzten bi bertsolariak hurrengo fasera pasatuko dira, eta buruz buru lehiatuko dira txapelaren bila. Hasteko, puntuka ibiliko dira zortziko txikian, gaia emanda eta zortzi bertso osatu arte. Gero, binaka gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso bete beharko dituzte. Kartzelakoa jokatuko dute ondoren, eta hiru bertsorekin erantzun beharko diote proposatutako gaiari.

Kartzelako horrekin amaituko da lan puntuagarria. Txapeldunaren izena jakinaraziko dute orduan, eta Juanjo Atxa baztandarrak jantziko dio txapela irabazleari. Baztan ikastolako irakaslea da Atxa, eta txapela janzteko aukera emanez, «urte luzeetan zehar eskola orduetan bertsolaritzaren transmisioan eta zabalkundean eginiko lan isil eta etengabea» eskertuko dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Arburuak «final polita» izango dela uste du, eta «giro ederra» aurreikusi du Elizondoko saiorako. 16:00etan irekiko dira Baztan pilotalekuko ateak, eta ordubetera hasiko da finala. Sarrerak salgai dira oraindik, baina tokia mugatua denez, aurrez hartzeko gomendioa egin du Bertsozale Elkarteak. Elizondora joaterik ez dutenek aukera izango dute saioa zuzenean ikusi eta entzuteko, www.bertsoa.com eta Xorroxin irratiaren eskutik.

Gaurko saioa bukatu ondoren, bi urteko atsedena hartuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bitartean, azken urteetan errotutako ohiturari eutsiz, Bardoak taldekako bertsoaldia izango da 2016an. Modu batera edo bestera, beraz, uzta jasotzen jarraituko du Nafarroako bertsolaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.