Gaur emandako izen berrien artean Vampire Weekend New Yorkeko taldea nabarmendu behar da. Columbiako Unibertsitatean elkar ezagutu zuten taldekideek, eta 2006an abiarazi zuten proiektua. Bi disko baino ez dituzte kalean —Vampire Weekend (2008) eta Contra (2010)—, baina lan bakoitzaren ale pila bat saldu dituzte. Bigarrena, esaterako, AEBetan gehien salduriko diskoa izan zen orain hiru urte. Rock alternatibo komertzialaren talde ikurretako bat da. Maiatzaren 13an kaleratuko dute hirugarren diskoa: Modern Vampires of The City. Uztailaren 13an joko dute Kobetamendin, Green Day, Fatboy Slim, Fermin Muguruza eta Delorentosekin batera, besteak beste.
Egun berean igoko dira oholtzara White Denim eta Jamie N Commons. Austingoak (Texas, AEB) dira aurrenekoak, lau disko dauzkate kalean, eta psicodelia, garajea eta rock progresiboa nahasten dituzte. Joan den astean jakinarazi zuten hurrengo diskoa prestatzen ari direla, Jeff Tweedy Wilcoko liderrarekin batera. Jamie N Commons britainiarrak, berriz, Rumble and Sway bere bigarren EPa aurkeztuko du. Nick Cave eta Tom Waitsen arteko uztarketa bat dela diote adituek.
Lehen egunean joko dute Edward Sharpe & The Magnetic Zeros-ekoek. Hamar bat musikariz osatutako taldea da, eta hamaika jaialditan aritu dira (Lollapalooza, Austin, Coachella, Leeds...), 60ko psicodelia, indie-folka eta rock alternatiboa besarkatzen dituen proposamena eskainiz. Hurrengo egunean arituko dira Los Zigarros-ekoak. Los Perros del Boogie-ko taldekide izandako Ovidi eta Alvaro Tormok osatu dute, eta 2011n, esaterako, AC/DC-k Bilbon eta Sevillan emandako kontzertuak ireki zituzten.