Vatikanoko Artxibategi Sekretuan gordetzen diren euskal dokumentuen gida aurkeztu dute gaur, Gasteizen EHUk duen campusean. Bi liburuk osatzen dute gida, eta bietan euskal diozesiei buruzko informazio bibliografikoa jasotzen da; lehendabizikoak Erdi Arokoa biltzen du, bigarrenak, Aro Modernoko informazioa. Herritarrek ikusgai izateko, sarean jarriko dituzte gidak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin harremana duten bi mila fitxa dokumental bildu dira, guztira.
Gida osatzea Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailaren egitasmoa izan da; EHUk eta CSIC Ikerketa Zientifikoen Espainiako Kontseilu Nagusiak elkarlanean eginiko ikerketaren ondorioa da. Jose Ramon Diaz de Durana EHUko Erdi Aroko Historiako katedradunak, Maria Rosario Porres EHUko Aro Modernoko Historiako katedradunak eta Cristina Jular CSICeko zientzialari titularrak koordinatu dute ikerketa.
Vatikanoko artxibategia, oro har, eta euskal diozesiak zehazki ezagutzeko “aukera paregabea” eskaintzen dute gidek. Gizartearentzat duen interesaz gainera, historialarientzako “nahitaezko lanabesa” dira, Jularren arabera. Ikerketa prozesuan zailtasunak izan arren, emaitzarekin gustura geratu dira ikerlariak zein Vatikanoa bera.