Vicente Ameztoi margolariaren Etxe-Ondotik erakusketa, artistaren margolanekin ez ezik obra grafikoarekin eta objektuekin osatutakoa, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko Ganbara aretoan dago ikusgai gaurtik martxoaren 23ra bitartean. Gaur 19.30ean egingo da inaugurazio ekitaldia.
Ameztoiren heriotzaren hamargarren urteurrena zela eta, haren omenez eratu zuen herri ekimen batek Etxe-Ondotik erakusketa iaz, Villabonako (Gipuzkoa) Gurea zinematokian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoarekin. Egunotan Koldo Mitxelena kulturuneko Ganbara aretoan bildutako lanak erakusketa hartako berberak dira oro har, baina badira han ikusi ez ziren lan bakan batzuk, hala nola 1977ko olio-pintura bat, Maiatza Dantzan jaialdiaren 1988ko ekitaldia iragartzeko egindako kartela eta Ostias XXL de hachís izenburua duen kutxa, haxixex egindako opilez betea.
Vicente Ameztoiren (Donostia, 1946-Villabona, 2001) 30 urteko margolari ibilbidea laburbiltzen duten 50 pieza jasotzen ditu erakusketak, gehienak bilduma pribatuetakoak. Badira, ordea, Virginia Montenegro alargunak eta Virginia Ameztoi alabak familiaren Villabonako Etxe-Ondo etxean gordetako materialak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak diren hainbat olio-pintura ere.
Ameztoik harreman estua izan zuen Koldo Mitxelena kulturunearekin. Eliztarrak-Mundutarrak erakusketa, Remelluriko ermitako (Bastida, Araba) santuen pinturekin osatutakoa, hantxe izan zen ikusgai 2000. urtean.
Pintore surrealista eta onirikotzat jotzen duten arren, Ameztoiren obrak bere garaiko eta inguruko errealitate soziala ere indar handiz islatzen duela adierazi du, erakusketaren aurkezpenean, Frantxis Lopez Landatxe Koldo Mitxelenak kulturuneko zuzendariak. Ameztoiren alderdi sozial hori agerian dago Zeruko Argia aldizkarirako egin zituen azaletan. Argia astekariak azal horiek argitaratu ditu orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.