Vieux Farka Tourek umetatik jaso zuen musikarako pasioa, Ali Farka Toure aitaren eskutik. Bamako eta Niafunke (Mali) artean hazi zen, musika unibertso aberats batean. Laster geratu zen agerian calabash eta perkusioak jotzeko zuen talentu handia. Gaur Hondarribian (Gipuzkoa) dastatu ahal izango da talentu hori, Arma Plazan (21:30), Bidasoafolk jaialdiaren estreinako egunean. Haren aurretik Xabier Aburruzaga trikitilaria ariko da leku berean (20:30).
Tounami Diabate musikari handia izan zuen aitaponteko Vieux Farka Tourek. Haren babesean Frantzian eta Afrikako hegoaldean bira bat egin zuen. Gero, aitarekin batera gitarra jotzen hasi zen. Aldi berean, hots eta eragin berriak sarrarazi zituen Maliko iparraldeko betiko musikan.
2005ean, Vieux Farka Toure berriro ere jarri zen harremanetan Eric Herman-ekin, Bamakoko Institutuan ezagututako musikari estatubatuarrarekin. Elkarrekin erabaki zuten Farka Toureren lehen diskoa grabatzea. 2009an bigarren lana eman zuen argitara, Six Degrees Records zigiluarekin.
Xabier Aburruzaga Portugaleten jaio zen. 8 urte zituela, eskusoinua eta pianoa jotzen hasi zen. Hainbat sari lortu eta gero, trikitia aukeratu zuen, eta ordudanik ez da haren ondotik urrundu. 33 urterekin, eskarmentu handia pilatu du musikaren munduan. Bere estiloa garatu du, bere jatorriari uko egin gabe. Sei disko kaleratu ditu, eta Denboraren naufragoa da orain arteko azkena.
Bidasoafolk jaialdia Irunera mugituko da bihar. Hiru kontzertu izango dira. Jacine Balahcene, Iannis Papaioannu & The Oriental Groove taldeak (Aljeria, Grezia) Mediterraneoko musikaren aldaera berria eskainiko du, soinu elektriko eta elekronikoak uztartuz. Kontzertua Oiasso museoan izango da (19:30).
Olga y Los Ministrilles Aragoiko (Espainia) taldea ariko da Juncal plazan (21:00etan). Aragoiko herri musikaren berrirakurketa egiten dute, antzinako eta gaur egungo musika tresnak erabiliz. Haren ondotik Coetus taldea ariko da leku berean. Tactequete Kataluniako perkusio taldearen eta Eliseo Parra musikariaren arteko elkarlanaren emaitza da Coetus.
Hamalau perkusio jotzailek (bi baino ez dira emakumeak) Parrarekin partekatzen dute agertokia. Parrak gaztelaniaz, katalanez eta galegoz abesten du.
Igandekoa izango da egun oparoena. Hendaian izango dira bost musika emanaldi edo ikuskizun. La Fanfare Des Goulamas fanfarre taldea Hendaiako kaleetan ariko da (18:00etan), Txomin Artolak Bixintxo elizan emango du kontzertua (19:30ean), Lengualerta Mexikoko taldea Gaztelu Zahar frontoian ariko da (21:00etan), eta halaxe egingo dute Macka B & The Roots Ragga Band reggae talde ingelesak (22:00etan) eta Bad Sound Systemek (23:45ean).
Vieux Farka Tourek irekiko du Bidasoafolk jaialdia
Gaur hasi eta igandera bitartean hamar emanaldi izango dira Hondarribian, Irunen eta Hendaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu