Zinema

Viggo Mortensenek jasoko du Zinemaldiko Donostia saria

Aktorearen 35 urteko ibilbidea aitortuko du jaialdiak sari horrekin, eta zuzendu duen azken filma aurkezten izango da Donostian: 'Falling'

Viggo Mortensen iaz Canneseko jaialdian. SEBASTIEN NOGIER/EFE
Inigo Astiz
2020ko ekainaren 22a
11:41
Entzun

«Izarra». Zuzenean hitz horrekin deskribatu du Donostiako Zinemaldiak Viggo Mortensen aktore eta zinemagilea (New York, AEB, 1958). Haren 35 urteko ibilbidea aitortu nahi izan du jaialdiak, 68. Donostia sariarekin. Guztira, 50 film ingurutan hartu du parte, baina, lantzen duen generoa edozein dela ere, haren lanaren «kalitatea» nabarmendu du Zinemaldiak, sariaren berri emateko zabaldutako oharraren bidez.

Kontsentsua badu. Publiko zabalak ezagun du haren lana, eta, era berean, badu kritika espezializatuagoaren onarpena ere. Besteak beste, Aragorn izeneko pertsonaia jokatu zuen The Lord of the Rings trilogia sonatu eta arrakastatsuan, eta mundu mailako ikur bilakatu zuen lan horrek. Bestela ere badu itzalik, ordea. Esate baterako, hirutan egon da aktorerik onenaren Oscar saria jasotzeko hautagaien artean: Eastern Promises filmeko lanagatik 2007an, Captain Fantastic pelikulagatik 2016an, eta Green Book filmean jokatutako taxi gidariaren rolagatik 2018an.

Aktore baino gehiago

Antzerkigintzan hasi zuen bidea, eta Harrison Ford aktorearekin egin zuen bere lehen zinema agerpena, Witness filmean. 1985ean izan zen hori, eta etenik gabe aritu da lanean geroztik. Genero zineman aritu zen hasieran, nagusiki, eta pixkanaka heldu zen rol gero eta garrantzitsuagoak lortzera. Protagonista izan zen, adibidez, Prison (1987), The Reflecting Skin (1990) eta The Indian Runner (1991) filmetan, eta ezin luzeagoa da hiru hamarkada pasako ibilbidean alboan izan dituen zuzendarien zerrenda.

Ingelesez egin du ibilbidearen zatirik handiena, baina gazteleraz ere egin ditu filmak. Izan ere, New Yorken jaio arren, Argentinan eman zuen haurtzaroaren zati handi bat, eta orduan ikasitakoei esker aritu zen, adibidez, Alatriste filmean, Agustin Diaz Yanes zuzendariaren esanetara. Baina aktore lanez aparte, ekoizle lanak ere egin ditu Argentinako hainbat film sustatzen.

Filmen interpretazioa, idazketa, ekoizpena eta zuzendaritza ez ezik, Mortensenek bestelako arteak ere jorratzen ditu, hala nola pintura, musika, argazkigintza eta literatura. Perceval Press argitaletxe independentearen sortzailea ere bada, zeina artean, idazkera kritikoan eta poesian espezializatuta baitago.

Europako estreinaldia

Falling da zinemagintzan egin duen ibilbideko azken fruitua. Sundanceko jaialdia itxi zuen filmak, eta Canneseko zinema jaialdiak ere hautatua du pieza lehiaketarako. Donostian ere emango dute, ordea, eta Europan lana ikusteko lehen aukera eskainiko du jaialdiak. Mortensenek idatzi du gidoia, eta bera da aktore nagusietako bat ere, Lance Henriksenekin batera. Aita-semeak dira bi aktoreak filmean, eta bien mundu ikuskeren arteko talka da pelikularen muina. Aurrez ere, behin baino gehiagotan izan da Donostian bere lanak aurkezten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.