«Viktoria Eugeniak 100 urte». Horixe izango da Donostiako dFeriaren «leit motiva-a», Norka Chiapuso arte eszenikoen jaialdiaren zuzendariaren esanetan. 18. aldia izango du aurtengoa; datorren astean egingo da, 12tik 15era, eta antzokiaren mendeurrenaren ospakizunen lekuko izango da. Jaialdiaren jarduera paraleloetako bat izango da, hain zuzen. Antzokian bertan aurkeztu zituzten horiek, atzo.
Antzokia «zer izan zen eta zer den» jakin nahi dute antolatzaileek. «Horregatik, sortzaileen, eszena zuzendarien, dantzarien, aktoreen, eszenografoen, teknikarien, diseinatzaileen eta, besteak beste, ekoizleen» lekukotza jaso nahi dute. Viktoria Eugenian egingo dira dFeriaren lau emanaldi, eta horiek hasi baino lehenago, 10 minutuz, «ipuin, sentsazio edo anekdota batekin» egingo dute haien ekarpena. Oscar Terol aktoreak gidatuko ditu. «Erantzukizun handia da niretzat. Istorio, bizipen horiek dira garrantzitsuenak. 10 minutu horiek izango dira festa bat festaren barruan; edo zeremonia bat jaialdiaren barruan», adierazi zuen Terolek. Antzokiaren leihatilan, gainera, liburu bat jarriko dute lekukotzak jasotzeko. Eta urteurrenaren eta dFeriaren «adin nagusitasunaren» harira, oroitzapenezko horma irudi bat sortu dute, Mikel Berezibarrek diseinatua.
Bestelako jarduera paraleloei dagokienez, martxoaren 16an koreografia eta dantza garaikidearen mintegi bat egingo da Yamila Uzorskirekin, eta Testutik Ekintzara izeneko antzerki tailerra, 17an, Javier de Diosekin.
Viktoria Eugenia omenduko du dFeriak
Antzokiaren mendeurrenaren ospakizunen lekuko izango da arte eszenikoen jaialdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu