Wa Thiong'o, McCarthy eta Transtromer aipatzen dituzte Nobel sarirako

Balizko hautagaien izenak ugaldu egin dira Suediako Akademiak erabakia ezagutzera emateko bezperan

Inigo Astiz
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gaur jakingo da nork irabazi duen aurtengo Literaturako Nobel saria, baina urtero bezala izen dantza lehenagotik heldu da. Baten edo bestearen alde egin dute apustu literaturzale, aditu eta irakurleek. Izan da apustua benetako apustu bilakatu duenik ere; idazle baten alde dirua jokatu duenik, alegia, gero eta pisu handiagoa ari baitira hartzen Interneteko apustu etxeak, horien artean Ladbrokes. Hauek dira indartsu dabiltzan izen batzuk: Cormac McCarthy estatubatuarra, Ngugi wa Thiong'o kenyarra eta Tomas Transtromer suediarra.

Hiruretako bakoitzak badu arrazoiren bat alde. Literatur sari honen gaineko literaturak ematen du hainbesterako. 1993az geroztik estatubatuarrik saritu ez dutela du alde McCarthyk. Suediako egunkari nagusiak, Svenska Dagbladet-ek, haren izenaaipatu du. Goteborgeko liburu azokan, Suediako garrantzitsuenean, egon izanak lagun liezaioke Wa Thiong'o-ri saria eskuratzen; haren aldeko apustuek nabarmen gora egin dute Ladbrokesen. Azkenik, 1996az geroztik poetarik saritu ez izana da Tomas Transtromerrek, Adonis siriarrak, Juan Gelman argentinarrak eta Ko Un korearrak, besteak beste,alde duten faktorea.

Betiko hautagaiak

Bada beti hautagai denik ere. Talde horretan daude, adibidez, Philip Roth estatubatuarra, Mario Vargas Llosa perutarra, Antonio Tabbucchi italiarra... Haruki Murakami japoniarra, Assia Djebar aljeriarra, Alice Munro kanadarra eta Gerald Murnane alemaniarraren izenak dira Interneteko zerrendetan ageri diren beste izenetariko batzuk.

Iazko sarituarekin gertatutakoak ematen die indarra apustu etxeetako kinielei. Inor gutxik egiten zuen Herta Muller Alemaniako idazle hungariarraren alde. Haren izena ere ez zen oso ezaguna, baina saria eman baino egun batzuk lehenago, pisua hartu zuen Interneteko apustu etxeetan. Azken bi urteetako irabazleak iragarri zituen Dagen Nyheter egunkariak zuhurrago jokatu du aurten, eta ez du izenik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.