Richard Wagnerren jaiotzaren bigarren mendeurreneko ospakizunen barruan, Der Ring des Nibelungen obra taularatzeko asmoa dute Bayreutheko (Alemania) jaialdiko arduradunek, 2013an. Eta ikuskizun horren arduradunak Wim Wenders zinemagile alemaniarra eta Kirill Petrenko musika zuzendari errusiarra izatea nahi dute. Hala, jaialdiaren antolatzaileak harremanetan jarri dira artista biekin, eta oraingoz ezer hitzartu ez duten arren, elkarrizketak nahiko aurreratuta daudela esan du Robert Emmerichek, jaialdiaren antolatzaileen bozeramaileak. Halaber, eszenografiaz Peter Papst arduratzea nahi lukete, baina harekin ere ez dute kontraturik izenpetu, oraingoz.
Wendersek ez du operarik zuzendu orain artean. Hortaz, Der Ring des Nibelungen gisa horretako bere lehen lana izango da. Paris, Texas, Der Himmel über Berlin eta Buena Vista Social Club filmen egileak, baina, arazorik izango ez duela sinetsita dago Emmerich. «Bere filmetan musikak itzal handia du». Lau opera epikok osatutako zikloa da Der Ring des Nibelungen. Musika konposatzeaz gain, libretoak ere idatzi zituen Wagnerrek. 1848tik 1874ra bitartean sortu zituen zikloko lau operak: Das Rheingold, Die Walkure, Siegfried eta Gotterdammerung.
Wagnerren 'Der Ring des Nibelungen' taularatuko du Wim Wendersek
Kirill Petrenko obrako musika zuzendaria izan dadin elkarrizketak hasi dituzte Bayreutheko jaialdiko arduradunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu