Wayne Wang irabazle

Wangen filmeko Henry O.k eraman du Zilarrezko Maskorra, eta emakumeen artean, Blanca Portillok

AMAGOIA MUJIKA DONOSTIA
2007ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Wayne Wangen filma ez da kinielatan faborito nagusia izan, baina hiru edo lau film onenen artean zegoen, eta, horregatik, Paul Auster epaimahaiko buruak atzo sarien berri eman zuenean, kazetariek txalo egin zuten, ohi ez bezala.A Thousand Yearsof Good Prayers pelikula txikia da, samurra eta atsegina, bi belaunaldiren -aita eta alaba-eta bi kulturen -estatubatuarra eta txinatarra- ulertzeko zailtasunak azaltzen dituenak. Wangek berak kulturalki bizi izan duena agertzen du, azken batean.

Wayne Wangen filma bi aldiz saritu dute, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Henry O. aktorearentzat izan baita, Shi jn, aitaren rola egiteagatik. Emakumezkoetan, Zilarrezko Maskorraren saria Blanca Portillo aktorearentzat izan da, Gracia Querejetaren Siete mesas de billar francés-en Charoren rolean egindako lanagatik. Film berean Maribel Verdu aritu da, eta hura zen faborito, baina Portilloren alde egin du epaimahaiak.

Querejeta izan da Wayne Wangen atzetik irabazle jaialdian, Zilarrezko Maskorraz gain, gidoi onenaren epaimahaiaren saria jaso baitu John Saylesen Honeydripper-en gidoiarekin batera.

Zuzendari onenaren saria Nick Broomfield britainiarrarentzat izan da, Battle for Haditha-gatik. AEBetako marine-en bitartez Iraken gertatzen dena kontatzen du.

Epaimahaiaren sari bereziarekin konformatu behar izan du Hana Makhmalbalek, kinieletan faborito nagusiak. Budaaz sharm foru rikht izan da kritikari gehienen kutuna aurtengoan.

Argazki onenaren saria, berriz, Charlie Lamen esku egon da. Ceot oi kap gei filmak oso estetika landua dauka.



EPAIMAHAIAREN LANA. Epaimahaiak film bakoitza ikusi ondoren, «serioski eztabaidatu, eta erabakia zintzoki hartu» dutela esan zuen atzo Paul Auster epaimahaiko buruak sariak eman aurretik. «Film bakoitza aztertu dugu, eztabaidatu, eta orduak eman ditugu horiei buruz hizketan. Erabakia sentiberatasun handiarekin hartu dugu, inteligentziarekin eta irekitasunarekin. Ez da erraza izan, baina konbentzimendu osoz hartu dugu erabakia», zehaztu zuen Austerrek. Aho batez hartu dute.

Oro har, banaturik egon dira sariak, eta irabazlea aho batez onartuta ere, galtzaileak ere izan dira, besteak beste, David Cronenbergen Eastern Promises, eta Iciar Bollainen Mataharis. Esku hutsik joan dira Donostiatik. Sarietan espero baino gehiago jaso duena Gracia Querejeta izan da; urtero bezala, espainiarrei ematen zaien kuota berak bete du, nahiz eta kritikarientzat Mataharis film hobea den Siete mesas de billar francés baino.

Kalitatearen aldetik, aurten, aurreko urteetan baino zinema hobea ikusi ahal izan dela komentatu dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.