Aspaldidanik neukan Quadrophenia (1979) filma ikusteko gogoa; berau ,The Who taldearen izen bereko diskoan (1973) inspiratuta dago. 60ko hamarkadan Ingalaterrako talde garrantzitsuenetako bat izan zen The Who. Hamarkada horren hasieran, mod mugimendua sortu zen, eta The Whok ere izan zuen ukitu hori urte horietan (ondoren, mugimendu hippytik, besteak beste, ere edan zuen).
Baina filma interesgarria da oso garai horretan mod mugimendua azaltzeko egina izan zelako (Pete Townshend gitarristak musikariaren rola egin zuen filmean).
Mod-aren definizio musikala oso ondo islatzen dute hala diskoak nola filmak. Nire ustez, filma ez da oso ona, baina egia da mugimendua nahiko ondo islatzen duela.
Baina zer da mod-aren esanahia? Horretarako, 1960ko Ingalaterran pentsatu behar dugu. Mugimendu musikal-kultural bat izan zen: ekonomikoki familia nahiko aberatsen seme-alabak izan ziren (nahiz eta laster edozein maila sozialetara zabaldu zen). Mod hitza modern jazz hitzetik dator; izan ere, asko gustatzen zitzaien musika mota hori. Egunean zehar lanbide xumeak izan ohi zituzten, gauean mod bilakatzeko: hau da, musika zehatz hori entzuten zen klubetara joaten ziren, beraien arropa zainduak besteen aurrean erakusten zituzten, dantza egiten zuten, eta bizitza adrenalitiko horri eusteko anfetaminak kontsumitzen zituzten (filmean pilula urdinak etengabe ageri dira).
Janzteko eragatik ere «modernoak» zirela esan dezakegu. Asko zaintzen zuten kanpoko itxura: traje italianoak, beroki militar berdeak…Vespa edota Lambretta motorrak gidatzen zituzten; horietako batzuek hamar ispilu txiki ere eduki ohi zituzten. Zergatik? Lege bat ezarri zen, zeinek adierazten zuen motor horiek ispilu bat behintzat eduki behar zutela: legeari burla modura, mod-ek ispilu mordoa jartzen zituzten (ispilu horiek Quadrophenia diskoko azalean ikus daitezke, Jimmy eserita dagoen motorrean).
Hortaz, zera esan dezakegu: gazte horientzat, beraien irudia, musika eta ohiturak izateak beraien identitate pertsonala definitzen zuela, mod izatea gauza handia balitz bezala agertuz (bizitzeko modu bat bezala). Egia esan, edozein musika mugimenduk dauka ezaugarri hori: kolektibo baten parte izateagatik, pertsonak gizartean (edo gizarte konkretu batetik at) bere lekua aurkitzen duenarena. Horren adibide gisa, film horretan agertzen diren rocker gazteak (mod-ekin zerikusirik ez dutenak); horiek moto handiagoak zituzten, eta larruzko berokiak janzten zituzten. Quadrophenia filmean bi talde horien arteko borroka bat dago ikusgai, Brightonen. Herri horretako kaleetan zehar, mod-ek oihukatzen dute: «We are mods, we are mods, we are we are we are mods!».
MUSIKA. A cappella. Saioa
'We are mods'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu