Wes Andersonen lana hotz hartu dute Cannesko lehen egunean

Zinema jaialdiko epaimahaiak adierazi du filmekin «harritzea eta emozionatzea» lortu nahi dutela

Agentziak
Cannes
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Bruce Willis, Edward Norton, Bill Murray, Tilda Swinton... Moonrise Kingdom filmeko aktore nagusi guztiak ondoan zituen, Cannesen, Wes Anderson zuzendariak. Baina filmari harrera hotza egin zioten, atzo, zinema jaialdiaren 65. edizioaren aurreneko egunean. Sail ofizialeko estreinako lana izan zen Andersonena. Hilaren 27an bukatuko da jaialdia, eta, guztira, 22 film lehiatuko dira Urrezko Palma irabaztearren. Nanni Moretti epaimahaiburuak adierazi du filmekin «emozionatzea eta harritzea» lortu nahi dutela.

Aurrenekoz ari da lehiatzen Canneseko jaialdian Anderson estatubatuarra. Besteak beste, The Darjeeling Limited (2007) eta Fantastic Mr. Fox zuzendu zituen, eta, horiek bezala, Cannesen aurkeztutakoa ere sailkatzeko zaila den komedia bat da. 1965ean kokatu du istorioa, uharte batean. Han, eskautentzako udalekuak bereizgarri dituen tokian, 12 urteko bi haurrek maitasuna deskubrituko dute. «Emozioen oroitzapena bilatu nahi izan dut», adierazi zuen zuzendariak, filmaren ondoren emandako prentsaurrekoan.

Ramon Agirre, Amour-en

Datozen egunetan jaialdian sari nagusia irabazi izan duten zuzendarien filmak lehiatuko dira. Abbas Kiarostamiren Like Someone in love, Ken Loachen The Angel's Share eta Cristian Mungiuren Beyond Hills. Michael Hanekeren Amour ere emango dute. Drama intimo da bat da, eta Isabell Huppert eta Jean-Louis Trintignant dira protagonistak. Ramon Agirre aktore donostiarra ere bada, ordea, aktoreetako bat. Protagonistaren lagunaren rola jokatzen du, eta igandean, estreinaldian, zuzendariarekin eta taldeko beste aktoreekin batera izango da Cannesen

Filmean parte hartzea «ezusteko handi bat» izan zen zela onartu du aktore donostiarrak. Izan ere, izen handiko zinemagilea da alemaniarra. Funny games eta Das Weisse Band lanak zuzendu ditu, besteak beste. Cannesen bertan saria jaso zuen 2009an, azken horregatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.