Literatura. Hirudia

'What If…?'

Iban Zaldua.
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Iratxe Retolazak eta Lander Garrok iradoki bezala, super-heroiaren figuraren atzean beti dago, irakurleen aldetik —eta, ziurrenik, baita egileen aldetik ere— boterearen desioa, norberaren presentea errotik aldatzekoa hain zuzen ere. Horren atzean literaturaren eta, susmatzen dut, arte askoren motor nagusienetako bat dago, «zer gertatuko litzateke baldin eta…?» galdera alegia. Galdera bat, bidenabar, super-heroien komikietan bertan aspaldi dagoena metaliterarioki planteatuta, Marvel argitaletxeko What If…? sailean adibidez, zeinetan garatzen baita, esaterako, zer gertatuko litzatekeen Heriotz Doktorea, super-bilaua izan beharrean, super-heroi bihurtu izan balitz, edo zer Amerika Kapitainak AEBko presidentetzarako hautagaia izateko proposamena onartu izan balu, edo zer super-heroi nagusiak —Spider-man, Lau Izugarriak etab.— ustekabean zonbi bihurtu izan balira... DC Comics lehiakideak ere antzeko zerbait egin zuen bere Elseworlds sailean, zeinetan, besteak beste, planteatu baita, Superman: Red Son albumean hain zuzen, zer gertatuko litzatekeen baldin eta Superman, Estatu Batuetan ez ezik, Sobiet Batasunean lurreratu eta hazi izan balitz…

Niri, batzuetan —jar nadin koska bat metaliterarioago—, antzeko galderak etortzen zaizkit burura euskal literaturaren ibilbideaz hausnartzen hasten naizenean. Zer gertatuko zatekeen, adibidez, Joan Perez Lazarragakoak bere talentu literarioan konfiantza handiagoa izan balu, eta bere «artzain nobela» hura gehixeago landu eta argitara ematea lortu izan balu? Ze puntutaraino aldatuko zukeen halako zerbaitek euskal letren ondorengo historia?

Edo zer, Bernat Etxeparek lerro bat ere idatzi izan ez balu? Zer, Arnaud Oihenartek bere arte poetikoa euskaraz argitaratu izan balu —hura laguntzeko adibide sorta mardul batekin batera, zer esanik ez—? Zer, era berean, Axular komentu bateko abadesa izan balitz? Zer, Juan Antonio Mogelen Peru Abarka tokatzen zitzaion unean kaleratu izan balute, hots, XIX. mendearen hasieran, eta ez laurogei urte geroago, hil ondoren eta kasik klandestinoki?

Eta, gaur egunera hurbilduz, nola aldatuko zitekeen euskal kultura, Jean Etxepare medikuaren Buruxkak (1910) boikoteatu izan ez balu garaiko mikro-establishment literario-eklesiastikoak? —irudipena daukat galdera horrek zeharkatzen duela, inplizituki, Kepa Altonagaren Etxepare, Aldudeko medikua ikerketa-liburu interesgarria (Euskaltzaindia, 2006), eta, esplizituki, ikuspegi zabalago batetik, Jurgi Kintanaren Urre urdinaren lurrina: euskal idazle galduaren bila (1810-1940) bikaina (Pamiela, 2009)—. Zer, Lizardik sare metalikoen fabrikazioari bere indar guztiak eskaini eta bokazio literarioari eutsi izan ez balio? Zer, Gabriel Aresti hirurogeita hemezortzi urte izatera iritsi izan balitz —aurten beteko lituzkeenak—?

Zenbateraino izango litzateke ezberdina gaur egungo euskal letren mundua, Jon Juaristik euskaraz idazteari utzi izan ez balio? Zein neurritan, Joseba Sarrionandiak Martutenetik ihes egin izan ez balu, eta zer Mikel Antzak klandestinitatera pasatzeko beharrik izan ez balu? Zeinetan, 1989ko Narratibako Sari Nazionala Julio Llamazaresen La lluvia amarilla-k edo Juan Jose Millasen El desorden de tu nombre-k eraman izan balute? —azkeneko bizpahiru hipotesi horien inguruko eztabaidarako euskarri ona eskaintzen du, bide batez esanda, Mikel Hernandez Abaituaren Azukre xehea, gatz larria memoria-liburuak (Alberdania, 2010)—.

Zeren antza izango luke gure oraingo sistema literarioak baldin eta Bost idazle liburuko elkarrizketatuetako bat —gutxienez— emakumea izan balitz? Zerena, Durangoko Liburu eta Disko Azoka, urtero, Gasteiz edo Baiona periferikoetan antolatuko balitz? Zerena, Harkaitz Cano edo Ixiar Rozas balira beren belaunaldi literarioaren erakusleihoa Espainian —eta, ondorioz, nazioartean—, Unai Elorriaga edo Kirmen Uribe beharrean?

Bertigoa ematen du pentsatzeak zenbat alda zitezkeen kontuak, euskal literaturan, gauzak beste modu batean gertatu izan balira. Gutxi edo ia ezer aldatuko ez liratekeela susmatzeak bezainbesteko bertigoa, kasik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.