70eko urteetan giroturiko fantasiazko filma aurkeztu du Ben Wheatley zuzendariak gaur Donostiako 63. Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Arrisku handiko filma da, definitzeko zaila. J. G. Ballard idazlearen eleberrian dago oinarrituta, eta zuzendariak berak zehaztu du zuzenean eleberria bera hartu dutela gidoia egiteko. Besteak beste, Sienna Miller aktoreak hartzen du parte bertan. Gaur Donostian izan da filmaren aurkezpenean.
Eleberriak jasotzen duen bezala, 70eko urteen estetika ageri da filmean. Etxe orratz baten barruan gertatzen da apokalipsian amaitzen den istorioa, kanpoko testuinguruari inolako aipamenik egin gabe.
Wheatleyk filma eskaini ondoko prentsaurrekoan esan du bere garaiari aurre hartu eta etorkizuna iragartzeko gai izan zela Ballard. "Hori da beldurgarria", erantsi du.
Zuzendari berriak
Svetla Tsotsorkova zuzendariaren Jajda/Thirst filmak kolpe komiko nabarmenak, gozagarriak, dauzka, eta horrek arintzen du kontakizunaren gogorra. Bulgariako herrixka bateko muinoan bizi dira bikote bat eta beraien seme nerabea, eta inguruko ostatuetako izarak garbigailu industrial zahar batean garbituz ateratzen dute bizimodua aurrera. Zuzendari Berrien atalean aurkeztu du lehian.
Lara Izagirrek ere gaur aurkeztu du Un otoño sin Berlin film luzea Zinemari atalean. Zinemagile zornotzarraren estreinako fikziozko film luzea da. Zornotzan bertan errodatu zuen joan den udazkenean, eta kontatzen du jaioterrira itzultzen den deserrotutako emakumezko gazte baten drama.