KRITIKA. Antzerkia

Wilde, alferrik musikatua

'La importancia de llamarse Ernesto' antzezlana. BARAKALDO ANTZOKIA
'La importancia de llamarse Ernesto' antzezlana. BARAKALDO ANTZOKIA
Agus Perez.
2024ko apirilaren 23a
05:05
Entzun

'La importancia de llamarse Ernesto’

Ekoizpena: La Brutal, Teatre Nacional de Catalunya, Bito Produccions. Egilea: Oscar Wilde. Zuzendaritza: David Selva. Musika: Paula Jornet. Jantziak: Maria Armengol. Dekoratuak: Jose Novoa. Antzezleak: Silvia Marso, Pablo Rivero, Ferran Villajosana, Paula Jornet, Albert Triola, Gemma Brio, Julia Molins. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Apirilak 21.

Azken besaulkiraino bete da Barakaldo antzokia Kataluniatik etorritako La importancia de llamarse Ernesto antzezlanaren kontura, eta ikustekoak izan dira kalean eratu diren ilara amaigabeak, aretora sartzen ari diren ikusleek osatuak.

Dudarik gabe Oscar Wilderen komediarik asmatuena dugu hau, eta ikusleak sano etorri dira emanaldira, seguru izanik funtzionamendu oneko tarte atsegingarria jasoko zutela sarrera erostearen truke. Egile irlandarra maisu izan zen orduko viktoriar gizarte ustez errespetagarriaren zurikeria kritikatzen, beti ironia finarekin baina atsedenik gabe, ia esaldi bakoitzean aurkitu dezakegulako aurreiritzi sozialak auzitan jartzen dituen metafora irudimentsuren bat.

Aurrera jarraitu baino lehen, gogoratu behar dugu Wilde antzezlan bikain hau estreinatu eta hiru hilabetera kondenatu zutela bi urteko lan behartuetara bere portaera lizuna zela kausa. Egiatan, Wilde homosexuala zen, begitan zuten orduko gizarteko puritanoek eta horretaz baliatu ziren autore miresgarri haren bidea mozteko eta, bide batez, psikologikoki suntsitzeko —egilea Parisera erbesteratu eta han hil zen, miseria gorrian—. Non daude haiek, ordea? Oraingo goi postuetan, beti bezala, baina beste mozorro batzuekin. Non dago Wilde orain? Gurekin jarraitzen du, bere maisulana klasiko bihurtuta, gaur egun ere batere distirarik galdu ez duelako.

Bide batez esanda, gurean ere eman zen obra hau 1994an Azpeitiko Antzerki Jardunaldietan, Ernesto izatearen garrantzia izenburupean. Hurrengo urtean gaztelaniaz zein euskaraz eman zen Barakaldo antzokian, eta horregatik jo dezakegu esanguratsu antzoki berera bueltatu izana, oraingo honetan kataluniarren eskutik etorri arren.

XIX. mendeko iruditeria klasikoa erabili zen orduko hartan, bai jantzietan bai dekorazioan, baina oraingo honetan itxura garaikideagoa eman nahi izan diote muntaiari, ezertara etorri ez den 70ko hamarkadako dekoratu modernoago batekin eta Cecylen rolean zebilen Paula Jorneti gaurko nerabeen itxura nardagarria emanda, esku-programan beste irudi batekin agertu den arren. Izan ere, Jornetek gehiegizko protagonismoa hartu du emanaldian zehar, berak sortutako balio gutxiko konposizioak han-hemenka tartekatuz ahotsean eta gitarran. Ustezko modernitate horren izenean bateria eta teklatuak jo dituzte beste aktore batzuek tarte batzuetan, eta horrela moztu da behin eta berriro emanaldiaren erritmo inspiratua eta kalitate eskaseko etenaldiekin zapuztu Wilderen testuaren ausardia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.