Winehouseri azken agurra eman diote bere senide eta lagunek

Abeslaria zerk hil duen argitu artean haren heriotzari buruzko espekulaziorik ez egiteko eskatu dute

Agentziak
Londres
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Amy Winehouseren heriotzak sortutako zurrunbiloaren erdian, familia eta lagunek azken agurra eman zioten atzo abeslariari elizkizun pribatu batean, Londresen. «Gabon, aingeru nirea, ondo lo egin. Amak eta aitak izugarri maite zaitugu», izan ziren Winehouseren aitak alaba agurtzeko erabili zituen azken hitzak, hiletara joan ziren 300 lagunen aurrean. Familia judua izanik, errabino batek ingelesez eta hebreeraz gidatu zuen hileta elizkizuna. Kantariak oso gustuko zuen melodia bat entzun zen atzetik: Carole Kingen So far away. Hiletaren ondoren, Golders Green auzo judura eraman zuten Winehouseren gorpua, han errausteko.

Joan den larunbatean hilik aurkitu zuten kantaria, Londresen, Candem auzoko bere etxean. 27 urte baino ez zituen, eta bere musikagatik ez ezik, alkoholarekin eta bestelako drogekin zituen gorabeherengatik ere ezaguna zen.

Hori horrela, hainbat hedabide ingelesek esan dute heriotza droga gaindosi batek eragin zuela. Astelehenean egindako autopsiak, baina, ez zuen argitu zergatik hil zen, eta Poliziak espekulaziorik ez egiteko eskatu du. Heriotzaren kausa jakiteko, bi eta lau aste artean beharko dira oraindik, Poliziaren esanetan, proba toxikologoen emaitzak ezin baitira ordura arte ezagutu.

Salmentak, gora

Winehouseren heriotzaren ondotik, gora egin dute Europan haren diskoen salmentek, lehenengo postuan egoteraino hainbat herrialdetako iTunes atari digitalean. Bi disko utzi ditu abeslariak: Frank (2003) eta Back to Black (2006).

Bestalde, doluminezko erreakzio ugari eragin ditu gertaerak. Kantariaren senar ohi Reg Traviss zinema zuzendariak esan du «izugarrizko galera» izan dela eta orain «bakea» nahi dutela. George Michael kantariaren iritziz, Erresuma Batuan ez da ezagutu Winehouse baino soul (arima) handiagoko bakarlaririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.