Wislawa Szymborska (Polonia, 88 urte) poeta eta 1996ko Literaturaren Nobel sariduna hil da bart Krakovian, minbizi baten ondorioz. "Etxean zendu da, lasai, lo zela", esan du haren etxeko laguntzaileak.
Nobel saria irabazi zuenean, Szymborska Samuel Beckett eta Valeryrekin alderatu zuten Suediako akademikoek, eta inspirazioari begira, bere hitzen ordenei begira, zioten poesiako Mozart zela, eta, era berean, Beethoven musikoaren sormen sutsua baduela.
1952an idatzi zuen bere lehen lana: Dlatego zyjemy (Horregatik gara bizi). Denera hogei lan baino gehiago argitaratu zituen. "Szymborskari galdetzen ziotenean ea zergatik idazten zuen, 'hori nik ez dakit' erantzuten zuen", adierazi du gaur Katarzyna Kolenda kazetariak. Umorea, ironia eta hitz jokoak maiz erabiltzen zituen idaztean.
2009ko maiatzean Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenean, Patxi Lopezek, Kirmen Uriberen Maiatza poesiaren zati bat poema irakurtzeaz gain, Szymborskaren Ezer ez birritan ere leitu zuen, gazteleraz. Pertsonen harremanetan eta izaera sozialean indar egin nahi izan zuen lehenarekin. Bigarrenarekin, ekintza bakoitza bakana eta errepikaezina dela nabarmendu.
"Torturak" jasan dituzten Euskal Herriko lagun batzuek iaz Szymborskaren Torturak poema irakurri zuten bideo batean.