Woody Allenek bere azkeneko filma Gipuzkoako hiriburuan eta Donostiako Zinemaldian kokatuko zuela jakin zen momentutik beretik, jakina zen zinema jaialdiaren arduradunak saiatuko zirela pelikula Donostian bertan aurkezten. Dylan Farrow bere alabatzakoak haren kontra egindako salaketen ondorioz, New Yorkeko zuzendariak zailtasun handiak izan ditu azkeneko urteetan AEBetan bere lanak estreinatzeko, eta Europan aurkitu du, neurri batean, bere herrialdean eman ez dioten babesa. Ondorioz, ez zen ezustekorik izan Donostiako Zinemaldiak iragarri zuenean Allenen azken filmak, Rifkin's Festival-ek, Sail Ofiziala irekiko zuela aurten.
Gaur goizean eman dute filma, ezohiko irudi bat eman duen Kursaaleko auditoriumean. Ohikoa den jendetzarik ez kanpoaldean, eta aretoaren edukiera % 40ra mugatuta —seiehun bat lagun—, arazo handirik gabe sartu dira ikusleak bertara, jakinda lehendabizikoz aurrez esleitutako eserleku batean eseri beharko zutela.
Rikfin's Festival ez da aldentzen Woody Allenen ohiko gai eta interesetatik. AEBetako senar-emazte batzuk Donostiako Zinemaldira joango dira. Emazteak (Gina Gershon) zinema zuzendari frantziar gazte baten (Louis Garrel) ordezkari lanak egin behar ditu, eta harekin harreman bat hasiko du. Senarra (Mort Rifkin / Wallace Shawn), bestalde, Europako zinema klasikoaz maiteminduta dago, eta destainaz begiratzen dio zuzendari frantziarrari. Bien bitartean, Donostian bertan kontsulta duen mediku gazte batek (Elena Anaya) liluratuko du Rifkin.
[youtube]https://youtu.be/d11-NLbjT3M[/youtube]
Abiapuntu horrekin, Allenek maite duen zinemarekiko keinuz josi du filma. Izan ere, Rifkinek hainbat filmetan oinarritutako ametsetan islatuko ditu bere nahi eta beldurrak. Hala, Luis Buñuelen (El angel exterminador), Orson Wellesen (Citizen Kane), François Truffauten (Jules et Jim) Ingmar Bergmanen (Det sjunde inseglet / Zazpigarren zigilua) eta besteren filmen oihartzunak bilduko ditu Woody Allenen azken lanak.