Artea

Wroclawn egonaldia egingo dute Amaia Vicente eta Mario Paniego artistek

Zortzi aste emango dituzte Poloniako hirian, nork bere proiektua garatzeko. Haien bidez, hiri espazioen inguruko gogoeta sustatu nahi dute biek ala biek; soinua oinarri duen proposamenarekin Vicentek, eta irudia ardatz duenarekin Paniegok. Etxepare Euskal Institutuak egindako deialdian aukeratu dituzte biak, AIR Wro programaren barruan.

Ezker eskuin, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Mario Paniego artista; Amaia Vicente artista; eta Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria. ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Ainhoa Sarasola.
2018ko irailaren 20a
12:37
Entzun

Bosgarren urtez, Euskal Herriko bi artistak egonaldia egingo dute Poloniako Wroclaw hirian, AIR Wro programaren barruan. Etxepare Euskal Institutuak egindako deialdira hamar egitasmo aurkeztu dira, eta Amaia Vicentek eta Mario Paniegok proposatutakoak aukeratu ditu epaimahaiak. Bi artista bilbotarrak irailaren 24tik azaroaren 18ra bitarte egongo dira Wroclawn, nor bere proiektua garatzen. Hiria eta sorkuntza dituzte ardatz bi proposamenek, eta horien inguruko gogoeta sustatzea dute xede.

Vicenteren proiektua EHUko Arte eta Teknologia departamentuan egiten ari den doktoretza ikerketaren parte da, eta soinua izango du euskarri nagusi. Audio landscape in Wroclaw izenburupean, hiriko soinu "binaurala" grabatuko du, horretarako espresuki prestatzen ari den mikrofono batzuekin. Grabatzeko modu horrek hiri-espazioak aztertzeko beste modu bat eskaintzen duela uste du artistak, eta "soinu paisaiaren" ideiatik sortutako erretratu bat izango dela bere jardunaren emaitza.

Paniegok, berriz, irudia izango du lanabes nagusi, eta espazio publikoan publizitateak hartzen duen lekuaz pentsaraztea jarri du helburutzat. Hain zuzen ere, publizitatea espazio publikotik desagerrarazteko asmoz, bestelako irudiak sortuko ditu, hiriko hainbat toki beste era batera ikustera gonbidatuko dutenak. Lan horren emaitza, ziurrenik, publizitate euskarrietan paratuko du. Bere proiektua gauzatzeko hiriko artistekin eta aktibistekin elkartuko dela ere aurreratu du. 

2014. urtean abiatu zen Euskal Herriaren eta Poloniaren arteko elkarlana, Donostia eta Wroclaw 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko prestaketen harira. Ordutik, 11 euskal artistak egin dute egonaldia Polonian. Culture Zone Wroclaw programak kudeatzen du AIR Wro programa gaur egun; Euskal Herrian, D2016ren ondotik, Etxepare institutuak eman dio jarraipena egitasmoari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.