Getxoko 37. Nazioarteko Jazzaldian parte hartuko duten izen garrantzitsuenak eman dituzte antolatzaileek. Horien artean nabarmentzekoa da Wynton Marsalis (New Orleans, 1961) tronpeta jotzaile arrakastatsuak uztailaren 7an emango duena. Musikari estatubatuarra Jazz Lincoln Center Orchestrarekin ariko da, egungo jazz eszenako hamabost musikari onenetariko batzuk biltzen dituen taldearekin. Stacey Kent abeslari estatubatuarrak (New Jersey, 1968) uztailaren 4an kantatuko du, eta Ignacio Berroa (Habana, 1953) jazz latinoaren barruan nabarmendutako perkusio jotzaile kubatarra, berriz, uztailaren 3an. Urte luzez Dizzy Gillespie tronpeta jotzaile handiarekin aritu zen Berroa.
Getxoko jaialdian hamabost kontzertu izango dira bost egunez. Ohi denez, saio nagusiak eta Talde Lehiaketakoak Biotz Alai plazan izango dira, 21:00etan hasita. Arratsaldeko saioei dagokienez, Algortako Geltokia plazan izango dira, 19:00etatik aurrera. Horiez gain, Algortako The Piper's Irish Pub tabernan jam saioak izango dira uztailaren 4tik 6ra, Biotz Alai plazako saioak amaitu ondoren. Ordaindu beharreko kontzertuetarako sarrerak apirilaren 8tik aurrera, astelehenean, egongo dira salgai.