Xabier Lete ere omenduko dute Xalbador Egunean, Urepelen

Benito Lertxundik kantaldia emango du urriaren 8an, eta hitzaldia, bertso saioa eta beste izango da 9an

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Xalbador eta Xabier Lete goiburua izango du aurtengo ekitaldian Xalbador Egunak, eta, ohi bezala, Urepelen (Nafarroa Beherea) egingo da, urriko bigarren asteburuan, Fernando Aire Xalbador bertsolari zenarekin batera Xabier Lete poeta eta kantari zena ere oroituz eta omenduz. Letek maiz erakutsi zuen Xalbadorrenganako mirespen handia, eta oso ezaguna da haren omenez sortu zuen kantua, Xalbadorren heriotzean izenekoa.

Aurreneko bi ekitaldiak urriaren 8an izango dira, larunbatarekin: batetik, Gipuzkoako gazte talde baten poesia errezitaldia, 19:00etan, Urepeleko eskolako gelan; bestetik, Benito Lertxundiren kantaldia, 21:00etan, Urepeleko frontoian.

Biharamunean, igandearekin, Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia egingo da lehenik, 9:00etan, etxola eta Urepele ezagutzeko, eta gero meza nagusia. Xabier Leteren eta Ez Dok Amairu taldearen inguruko bideo emanaldia eta Joxe Mari Iriondoren hitzaldia izango dira ondoren, 11:00etan. Herri kirol saioaren, dantza emanaldiaren eta bazkariaren ostean, 15:30ean, bertso saioa hasiko da, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariekin, gai-jartzaile Joxe Mari Iriondo dutela. Xalbador Eguna trikitilariek alaitutako erromeriarekin amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.