«Adiskideen bilera» gisa definitu dute antolatzaileek datorren ostegunean Xabier Leteren omenez egingo den emanaldia. Poeta eta kantariarentzat oso kuttuna zen leku batean izango da kontzertua, Arantzazuko Santutegian, 19:00etan. Xabier Leteren oroiminez izeneko kontzertua Musika Hamabostaldiak antolatu du, Arantzazu Gaur fundazioarekin elkarlanean, eta, Leteren obraz gain, musika klasikoak ere izango du tartea. Letek bereziki maite zituen lan klasikoekin hasiko da ekitaldia: Tomas Luis de Victoriaren Officium defunctorum a seis voces eta Wolfgang Amadeus Mozarten Ave verum eta Visperas de confesore eskainiko ditu Iruñeko Ganbera Abesbatzak, Josep Cabreren zuzendaritzapean.
«Oroitzen naiz nola De Victoriaren Officium jartzean, Lete erabat hunkituta geratu zen obraren edertasunarekin. Eta berdin Mozarten lanekin: aditu bezain pronto Lourdes Iriondori deitu zion, hura entzun beharzuela esateko», oroitu du Jose Antonio Etxenike Hamabostaldiko zuzendari laguntzaileak. Kantariaren «sentiberatasuna» azpimarratu du, musika entzutean «haur batek bezala» negar egiten zuela gogoratuz.
Kantuak eta poemak
Kontzertuaren bigarren zatian, Leteren launa kantu abestuko dituzte Antton Valverde, Amaia Zubiria, Pier Paul Berzaitz, Erramun Martikorena eta Petti musikariek, kantari oiartzuarraren kolaboratzaile izandako Joxan Goikotxea eta Karlos Jimenez instrumentistak ondoan dituztela.Gainera, JosAnton Artze poetak haren sei poema errezitatuko ditu.
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia
Xabier Letek gogoko zituen obra klasikoak joko dituzte ostegunean Arantzazun
Omenaldia Mozart eta De Victoriaren obrekin hasiko da, eta bigarren zatian Leteren lanak ekarriko dituzte gogora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu