Xabier Lopez-Mendizabal Olano Tolosan jaio zen 1925eko uztailaren 18an. Aitak Gorriti plazan sortu zuen lehen ikastolako ikaslea izan zen. Gerra Zibila hasi eta bi egunetara erbesteratu egin behar izan zuen ama eta bi arrebekin –aita lehendik joana zen-, lehendabizi Ipar Euskal Herrira eta 1940ean, II. Munduko Gerraren ondorioz, Argentinara. Frantziako Verdum kaitik (Bordeletik gertu) abiatu zen azken untzian atera ziren, Katiola izenekoa, eta sei hilabeteko bidaia izan zen Casablancan (Maroko) gelditu zituztelako luze. 30 bidaiarien artean pertsonalitate errepublikar garrantzitsuak zeuden. Hilabete horietan Casablanca filmeko espioi giroa ezagutu zuela esaten zuen askotan Lopez-Mendizabalek.
Argentinan aitak gidatzen zuen euskal kultur mugimendu indartsuaren partaide izan zen. Laurak Bat euskal etxean sortutako Saski-Naski dantza eta musika ikuskizunean aritu zen, Nestor Basterretxea eskulturgilea eta beste hainbatekin batera. Erbesteak “elkartu” egin zituela eta “bizitza paretsua” eraman zutela gogoratzen zuen Basterretxeak duela lau urte Galtzaundi aldizkarian. “Gizon oso ordenatu” gisa definitzen zuen eskulturgile bermeotarrak. Beharrak eraginda lan desberdinetan aritu behar izan zuen Buenos Airesen: banatzaile, saltzaile edo beste edozer gauzatan. Idazmakinan idazten, frantsesa eta ingelesa ikasteko aprobetxatu zuen denbora. Aitak sortutako Euzko Deya aldizkarian eta Ekin argitaletxean laguntzaile fina izan zen, administrazioan eta zuzenketetan lagunduz. Han ezkondu zen Mirta Sindonarekin eta bi alaba izan zituen, Miren eta Marixel.
1966an itzuli zen Tolosara, etxetik kanpora 30 urte pasatu ondoren, Manuel Aznar enbaxadorearekin hitz eginda. Gaur egungo Espainiako presidentearen aitona, Etxalarkoa, Ixaka Lopez-Mendizabalen laguna zen gerra aurretik abertzalea zelako. Euzkadi aldizkarian Gudalgain izengoitiarekin sinatzen zituen artikuluak. Gerraren ondorioz ondare asko galdu zuen Lopez-Mendizabal familiak, baina Solana kaleko inprimategia berreskuratu eta han aritu zen lanean Xabier, duela urte gutxi erretiratu arte. Euskal gaiei buruzko liburu ugari eman zituen argitara. Duela hilabete gutxi bere liburu kuttuna Xabiertxo –liburuaren izena bere ohorez jarri zion aitak- berrargitaratzea lortu zuen, Abarka argitaletxearekin. Goian bego!
Oroimena eta aberria
Liburu, aldizkari eta dokumentu ugari zituen Xabierrek bere etxeko liburutegi aberatsean. Bizipen eta oroimen ugari bere buruan. Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dela askotan errepikatzen duten horietakoa zen. Orduak eta orduak sartzen zituen bere paper zaharren artean, baita, teknologia berriei esker, Argentinako eta beste lekuetako egunkariak irakurtzen. Datu interesgarri guztiak apuntatu eta bere karpetetan gordetzen zituen. Oroimen liburua idatzi gabe joan da.
Aberria eta euskararekin zerikusia zuen guztia barru-barrutik sentitzen zuen Xabierrek, abertzaletsunera “komenientziaz” inguratzen zirenez fidatu gabe. Frankistek -lehengoek eta oraingoek- egindako erasoek mindu eta sutu egiten zuten. Euskararen aldeko ekitaldi guztietan zerbait egiteko prest agertzen zen. Korrika gaueko ordu txikietan pasatu izan denean ere han agertzen zen animatzera. HITZAn ere bere laguntza eskaini zuen beti. Edozein datu historiko jakiteko edo laguntzaile aparta genuen. Tarteka gairen bat proposatuz edo deitzen zuen. Azkena gerrako umeez egindako erreportaia datuz osatzeko eta hobetzeko. Egin gabe joan zaigu.
Kultura
Xabier Lopez-Mendizabal euskaltzale eta kulturgile ezaguna hil da
Herenegun gauean hil zen Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion erietxean Xabier Lopez-Mendizabal bat-bateko gaixotasun baten ondorioz. Euskaltzale, abertzale eta kulturgile ezaguna zen, batez ere aitaren, Ixaka Lopez-Mendizabalen, lana jarraitu zuelako argitalpen munduan eta Amerikako erbesteaz eta euskaldunez asko zekielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu