Xehetasunetatik adieraztea

Alex Reynolds artista bilbotarraren bi bideo eta soinu pieza bat biltzen ditu 'Bada lege bat, esku bat, abesti bat' erakusketak. Guggenheimen ikusi ahalko da, ekainaren 20ra arte

Alex Reynolds artista bilbotarra, Palais ikus-entzunezkoaren proiekzioaren aurrean. Beste bi piezak osatzen dute erakusketa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Enbor baten xehetasun plano estatikoa hasieran, eta, hondoan, xuxurlak eta txorien doinuak, besteak beste. Esku baten plano itxia ondoren, eta soinu horien erritmoan hatzen koreografia bat, finkoa izateari utzi dion kamerak grabatua. Xehetasunek ardazten dute Alex Reynoldsen Eskua kantari pieza, Guggenheim museoan dagoeneko bisitatu daitekeena. Aretoaren sarreran kokatutako Palais ikus-entzunezkoak eta Justine soinu piezak biribiltzen dute Bada lege bat, esku bat, abesti bat erakusketa. Museoko Film & Video programaren aurtengo lehen proposamenak dira artista bilbotarraren hiru obra berri horiek, eta ekainaren 20ra arte egongo dira ikusgai.

Juan Ignacio Bidarte zuzendariak adierazi du Reynoldsen lana museoan erakutsi ahal izateak «poz berezia» eragiten diola. Artistaren lanaren oinarrian dago «lengoaia zinematografikoaren bidez harreman eta afektu moduak azaltzea», Bidartek azaldu duenez, eta hiru obra horiekin ere beste horrenbeste erdietsi du bilbotarrak. Pieza bakoitzak erakusten dituen harremanez gain, lanen artean ere gisa horretako loturak sortzen dira; «soinuak batzen ditu bereziki», Alex Reynoldsek jakinarazi duenez. Hala, euskarri digitalean erakutsitako lanak izan arren, aurrez aurreko esperientzia «ezinbestekoa» deritzo Manuel Cirauqui komisarioak. «Ezin daiteke online ikusi, energiak eta bibrazioak kutsatu egiten baitira aretoan».

2020an ondu zituen Reynoldsek Palais bideoa eta Justine soinu pieza, eta aurtengoa da, berriz, Eskua kantari. Guggenheimek koproduzitu du azken hori, eta estreinakoz ikusi ahal izango da erakusketan, «mirariz», artistak dioenez. Alma Sodeberg koreografoarekin elkarlanean sortu du, eta mugikortasunaren mugek zaildu egin diete bideoaren ekoizpena. Extremaduran (Espainia) osoki grabatzea zuen asmoa, baina bizitokian ere —Bruselan— grabatu behar izan du.

Oztopoak oztopo, obra «argitsua eta musikala» erdietsi dutela nabarmendu du artistak. «Txikitasunean jartzen du arreta, harremanetara ireki ahal izateko», dio. Komisarioak ere piezaren «detaile maila handia» azpimarratu du. «Osagai sofistikatuak ditu, soinuaren pertsonifikazioa egiten du kasik. Kalitate eta ezaugarri bereziak ditu». Halaber, bideoaren muntaketa «zehaztasun handiarekin» egin da, Cirauquiren arabera, «Reynoldsek ohi duen bezala». Bestalde, sorkuntzak izan dituen kolaborazioak «obraren alde kolektiboaren ospakizuna» iruditu zaizkio komisarioari.

Piezen batura

Justine «etengabe bibratzen ari den objektu batek osatutako pieza» da, artistak azaldu duenez, eta bi ikus-entzunezkoen arteko «giltzarria» ere bada. Reynoldsen lagun baten «soinu bidezko erretratua» dela zehaztu du komisarioak, haren ahots tonuaren arabera bibratzen baitu objektuak, hau da, diapasoiak. «Normarekin» zerikusia duela nabarmendu du Reynoldsek, diapasoia instrumentuak afinatzeko gailua baita; alegia, «ezerk gozakaiztu ez dezan, arau bat ezartzen duen tresna». Artistak azaldu duenez, garai batean diapasoiaren bibrazio estandarra igotzen hasi ziren, baina, langa berrietara ezin helduta, kexatu egin ziren abeslariak; ondorioz, egungo 440 hertzetan ezarri zuten erreferentzia. «Legeak gorputzekin duen harremanen adibide bat da», Reynoldsen arabera.

Justine-eko diapasoiak, ordea, 422 hertzioetara bibratzen du. Hori lortzeko, Reynoldsek objektua limatu, moztu eta beste zenbait modutan aldatu du, Cirauquik azaldu duenez. Dena den, estandarretik aldentzen dela begitandu arren, beste arau bat ezartzeko saiakera ere bada, artistak dioenez: «Erretratu samurra da, alde batetik, baina, bestetik, tiranikoa da arau bat sortu nahi izatea pertsona bakar batetik abiatuta. Pieza anbibalentea da».

Normaz dihardu, halaber, Palais bideoak. Bruselako Justizia Jauregian filmatuta dago, bertako korridore eta ertzetatik barrena aritu baitzen Reynolds «ezkutatuta» zeraman kamera batekin. Komisarioaren hitzetan, «espazio normatiboei buruzko oharra» da lana, baita «burokraziaren aberrazioaren karikatura» ere, artistak gaineratu duenez: «Eraikinak konfusioa eta ezinegona eragiten du gorputzean. Toki izugarriak ditu. Atal zinematografikoari dagokionez, bideoa berez editatzen da: plano sekuentzia oso luzeak ditu, baina eraikinak eskaintzen ditu mozketak, tokiak oso aldakorrak baitira». Ezaugarri horiek «beldurrezko pelikularen» kutsua ematen diote, Cirauquiren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.