XI. mendeko komentu bat eta bide erromatar bat aurkitu dituzte Iruña-Veleian

Hiru hektarea ditu fraideen etxeak, eta segurtasun neurriak finkatu arte ez da zabalik egongo

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Aurkikuntza garrantzitsua egin dute Iruña-Veleiako aztarnategian, Araban. Becerro de Bengoak bere idazlanetanaipatzen zuen komentua topatu dute. Erdi Arokoa da, XI. mendekoa, Jerusalem eta Maltako San Juanen ordenako fraideena. Komentua topatu duten ingurunea ezin izango da bisitatu hartarako egoki —segurtasun neurriei dagokienez— prestatzen duten bitartean: «Barruan egon gara eta konturatu gara uraskak daudela. Dena ondo prestaturik egon arte ez ditugu sartuko bisitariak». Julio Nuñez Iruña-Veleiako indusketen eta ikerketen zuzendariak eman zuen aurkikuntzaren berri atzo egindako agerraldian. Monasterioaren existentzia XVIII. mendeko hainbat egile arabarren idazlanetan dokumentaturik dago, besteak beste, Ricardo Becerro de Bengoaren idazlanetan.

XI. mendeko komentuak ia hiru hektarea izango lituzke eta baita bi eliza ere. Zuzendariak ez ditu zehaztasun gehiago emango harik eta artikulu zientifiko baten ñabardura guztiak argitaratuko dituzten arte. Julio Nuñezek adierazi duenez, komentua topatzea «langintza zaila» izan da, «basoz inguratua» egon delako. «Baso horretan kale batzuk sortu genituen eta gure ezustekoa izan zen horren eraikin handiarekin topo egitea».

Aurkitutako komentua Iruña-Veleiako herri erromatarraren barruan topatu dute, baina ez da izan azken asteotako aurkikuntza bakarra. Herritik kanpora Iruña-Veleia Astorga herriarekin (Espainia) batzen zuen bide erromatarraren eta eraikin komertzial baten aztarnak ere topatu dituzte. V. mendetik aurrera herri harresituaren kanpoaldea ere okupaturik egon zela adierazten dute aurkikuntzok, zuzendariaren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.