Xilabak gaur izango du finala

Arzallus, Colina, Barroso, Sarasua, Zabaleta eta Murua ariko dira lehian Baionako Lauga gelan

Xilabaren aurreko ekitaldiko finala, 2010eko urrian, Luhuson. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
Baiona
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Lapurdiko sei bertsolari lehiatuko dira gaur, 17:30ean hasita, Baionako Lauga gelan, Xilaba Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko bertsolari txapelketako finalean: Amets Arzallus (Hendaia), Eneritz Zabaleta (Baiona), Maddi Sarasua (Itsasu), Odei Barroso (Urruña), Sustrai Colina (Urruña) eta Xumai Murua (Azkaine).

Hasteko, sei bertsolariek 14na bertso puntuagarri emango dituzte: zortziko handian ofiziotan binaka, hiruna bertso; zortziko ttipian ofiziotan binaka, hiruna bertso; banaka, bi punturi erantzun; hamarreko ttipian ofiziotan binaka, hiruna bertso; kartzelan, bakarka, gaia emanda, hiruna bertso, doinu eta neurri librean.

Ondoren, epaimahaikideek bi bertsolari hautatuko dituzte buruz burukorako, eta hautatuek hamarna bertso puntuagarri emango dituzte: seiko motzean ofiziotan binaka, hiruna bertso; puntuka binaka, bakoitzak lau bertso osatu arte; kartzelan, bakarka, gaia emanda, hiruna bertso, doinu eta neurri librean. Eneko Bidegain, Joakin Arregi, Beñat Soule, Erik Etxart, Lierni Elortza eta Asier Ibaibarriagak osatuko dute lehenik buruz burukora zein bi bertsolari igaroko diren eta gero txapela nork jantziko duen erabaki beharko duen epaimahaia.

Emile Larre txapel emaile

Bertsolaritzari egin dion ekarpena eskertzeko asmoz, Emile Larre euskaltzain, apaiz, idazle eta Herria aldizkariko ohorezko zuzendaria hautatu du Bertsularien Lagunak elkarteak irabazleari txapela janzteko.

Xilabaren aurreko ekitaldiak, 2010ekoak, Luhuson (Lapurdi) izan zuen finala, eta Amets Arzallusek jantzi zuen txapela. Aurtengoa urriaren 6an hasi zen, Altzürükün (Zuberoa); geroztik, Kanbon, Hendaian eta Donibane Garazin izan dira kanporaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.