'Xirula mirula' liburua berrargitaratu dute

Duela 70 edo 80 urteko Garaziko haurren kantu eta jolasak jaso zituen Pierre Duny-Petrek obra hartan

Erredakzioa
Baiona
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Pierre Duny-Petre idazlearen Xirula mirula liburua berrargitartu dute, hirugarren aldikotz. Xirula mirula, l'enfant basque à travers ses amusements, ses terreurs naïves, ses formulettes récréatives burlesques et superstitieuses du izenburu osoa liburuak, eta II. Mundu Gerraren aitzinetik Garazi eskualdean jasotako haurren kantu, errankizun eta jolasen bilduma da. 1987, 1988 eta 1989. urteetan izan zuen lehendabiziko argitalpena, Joxe Miel Barandiaranek kudeatutako Anuario de Eusko Folklore aldizkarian; bigarrena, 1996an, Baionako Eusko Press argitaletxearen eskutik.

Xirula mirula-ren hirugarren berrargitalpena, berritua ez ezik, emendatua ere bada; «gai bereko obra zenbaitez emendatua», Pierre Duny-Petre zenaren seme Arnaud Duny-Petrek jakitera eman duenez, bereziki Luhusoko eta inguruko ekarpenekin, Maite Laporte-Aramendiren Folkore des enfants et traditions orales en Pays Basque Nord lanari esker. Badira Zuberoako ekarpenak ere, Lauburu elkartearen Baratçabal raconte liburu agortuaren lehen kapituluari esker eskuratuak bereziki.

Horietaz gain, Delphine Lubet, Louis Sagardoi eta Alexandre Altxurrunen ekarpenak ere gehitu dizkiote Pierre Duny-Petreren jatorrizko lanari, ahalik eta bildumarik osoena taxutzeko.

«Horiek oro behar-beharreko lekukotasun bat osatzen dute Iparraldeko ohidura kulturalaz eta ahozko literaturaz XX. mende erdi hastapenan», Arnaud Duny-Petreren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.