Herbert Von Karajanek berak XX. mendeko pianista onenetako bat zela zioen. Alexis Weissenbergek pianoari lotuta igaro zuen bizitza, haur txikia zela ikasten hasi zenetik azken egunetara arte, eta bere garaiko piano jotzaile entzutetsuenetakoa bilakatu zen denborarekin. Igandean hil zen, Luganon (Suitza), 82 urterekin.
Weissenberg Sofian (Bulgaria) jaio zen, 1929an, familia judu baten barruan, eta hiru urterekin hasi zituen piano ikasketak. Besteak beste, Pancho Vladigerov izan zuen irakasle, eta 10 urterekin, lehenengo kontzertua eman zuenean, Bach, Schumann eta berak idatzitako piezak interpretatu zituen.
Alemaniak Bulgaria mendean hartu ondoren, ihes egin zuen Israelera, eta hango orkestra filarmonikoko bakarlari postua eskuratu zuen —Leonard Bernstein izan zuen zuzenda-ri—. 1946an New Yorkera alde egin zuen, eta ikasten segitzeaz gain,Carnegie Hallen estrainaldia egin zuen hiriko orkestra filarmonikoarekin.
Ordutik aurrera, Weissenbergen ospea mundu osora zabaldu zen, eta batetik bestera hasi zen mugitzen: AEBetan, Europan eta Israelen hamaika kontzertu egin zuen. 1957an, ordea, atseden hartzea erabaki zuen, eta bederatzi urte igaro zituen irakaskuntzara emana. 1966an itzuli zen oholtzara, eta Bernsteinekin nahiz Von Karajanekin egin zuen lan. Weissenbergek Liszt, Chopin, Ratxmaninov eta batik bat Bachen obrak maite zituen. •
Hilberria. Alex Weissenberg
XX. mendeko pianista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu