Musika

Yard Act: Troiako zaldiak barruan zeramana

Yard Act taldeak ageriko egin ditu bere eragin musikal eklektikoak 'Where's My Utopia?' beren bigarren diskoan.

Yard Act taldea
Yard Act taldea. BERRIA
Inigo Astiz
2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

Musikaren industrian Troiako zaldiaren pare sartu zirela esan zuten Yard Act taldeko kideek. 2022an azkar eta alderik alde zabaldu zen The Overload estreinako diskoarekin proposatzen zuten post-punk eklektikoa. Zazpi hilabeteren buruan, 100% Endurance kantaren birnahasketa bat ere egin zuten Elton Johnen kolaborazioarekin. Eta, gotorleku barrura sartzea lortuta, orain bai, beren bigarren lan luzearekin, Where's My Utopia? diskoarekin libre utzi dituzte aurreko lanean zirrikitu artean bakarrik igar zitezkeen eragin musikal guztiak. Aurreko astean eman zuten argitara lana, eta disko musikarekin, 90eko hip-hoparekin, punkarekin zein afrobeatarekin uztartu dituzte spoken word-etik gertu dabiltzan James Smith kantariaren hitz burutsu eta ironikoak.

Leeds da taldearen jaioterria, Ingalaterra erdialdean. Hangoak dira musikariak. Smith hitzen idazle eta abeslariak eta Ryan Needham baxu jotzaileak sortu zuten taldea, 2019an, elkarren bueltan hainbat urte eman ondoren, azkenik, elkarrekin bizitzera joan zirenean. Haiekin batera, Sam Shipstone gitarra jotzaileak eta Jay Russel bateria jotzaileak osatzen dute laukotea egun. Eta, hain zuzen ere, taldea bera bilakatu da oraingoan Smithen hitz eztentsu horietako batzuen gaia.

Yard Act taldearen We Make Hits kanta.

Smithek barrurantz bideratu duelako begirada oraingoan. Eta taldearen arrakasta da, hain justu, Dream Job (Ametsetako lana) abestiaren muina, esaterako. Inork galdetuz gero halako talde batean egotea zoragarria dela esan beharraz, nahiz eta gero barruan sentimenduak korapilatsuagoak izan. «Anbizio txikikoa al da trebeki pobre izatea, eta epaitzen zaituzten bitartean irribarrez agertzea? Eta halere...». Eta hor dator ironiaz betetako leloa: «Fenomenoa da,/ top-a,/ bikaina,/ aparta,/ superra,/ zoragarria,/ pasada,/ ez dago hain txarto».

Zergatik ezkutatu

Badira kantuetan umetan lagun izan zuen kide bati egindako barkamen eskariak, musikariek elkarri beti-beti-beti hit-ak sortzeko egindako promesaren berri ematen duten leloak, edota psikologoarekin izandako solasaldi haluzinogeno —agian fikziozko— bat simulatzen duten zazpi minututik gorako mintzaldiak. Baina, hain justu ere, kolorez betetako atzealde musikal baten kontra egiten duen kontrasteagatik nabarmentzen da, besteak beste, Smithen kontatzaile ahots lau erritmikoa.

Yard Act taldearen Dream Job kantaren bideoklipa.

Gorillaz taldeko Remi Kabaka Jr. musikariak egin ditu ekoizle lanak. Eta ezinbestekoa izan da haren laguntza taldekideek bilatu duten leherketa musikala lortzeko, eta, kasu honetan, lasai lan egin ahal izateko izan duten aurrekontua ere garrantzitsua izan dela onartu dute musikariek. «Overload bakoitzak bere etxetik eta nahiko azkar sortu genuen, gehiegi pentsatu gabe. Eta hau, aldiz, hedatuz joan da, laurok sortu dugulako, eta ohartu ginelako egin nahi genuena egiteko aukera genuela, entzule talde arretatsu samar batentzat. Zergatik ezkutatu?».

Azken batean, taldeak onartu bezala, hasieratik izan dute zaldia gotorleku barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.