Bere izena behin baino gehiagotan aipatu izan zen Literatura Nobel Saria irabazteko hautagai gisa. Turkierazko idazle kurdurik onena izan da Yasar Kemal askorentzat. Nobel saria ez zuen lortu, baina bai nazioarteko ospea eta herrikideen aitortza. Ahozko tradizioa paperera eramaten maisu, herri xehearen minak lirikotasunez azaltzen trebe, kurduen eskubideen defendatzaile sutsu, atzo hil zen idazlea, 92 urterekin, Istanbulgo erietxe batean.
Hemite herrixkan jaio zen Kemal 1923an, Turkia hegoaldean, familia kurdu batean. 5 urterekin, aita nola hil zioten bertatik bertara ikusi zuen, eta esperientzia gogor horren ondorioz hitz egiteko zailtasunak izan zituen 12 urte bete zituen arte. Idazteko, baina, ez zuen trabarik azaldu. Herri poesiak eta koblakarien tradizioak liluratu egin zuten gaztea, eta Anatoliako istorio zaharrak oinarri sendoa izan ziren gerora bere ibilbide literarioan. Hori baino lehen, hala ere, kazetari lanetan ere jardun zuen.
1952an kaleratu zuen bere lehen liburua, Sari Sicak (Bero horia) ipuin bilduma. Baina Ince Memed (1955, Memed, belatza) bidelapur justiziagile mitikoaren eleberriarekin lortu zuen ospea. Haren ondotik, hogeita hamarretik gora lan idatziko zituen, eleberriak batez ere, kutsu epiko eta lirikotasun handikoak gehienak. Turkiako eta Kurdistango paisaiak eta landa eremuko bizimodua poetikotasun handiz deskribatu ohi zuen.
Herri xehearen sufrimenduarekiko sentikor, maiz agertzen zuen haren egoera bere lanetan, atzeko oihal gisa bazen ere. Halaber, ez zen isilik geratzen herri kurduaren zapalkuntza salatzean. Kartzelara ere eraman zuen engaiamendu horrek. Gaztetan, atxilo hartu zuten batean, poliziek bere lehen idatzietariko batzuk lapurtu egin zizkiotela salatu zuen. Halakoek, baina, ez zioten inoiz idazteko grina itzali, The Guardian egunkariko kazetari bati 2008an azaldu zionez: «Ez dut arazoen inguruan idazten, ez dut publiko batentzat idazten, ezta nire buruarentzat ere. Soilik idatzi egiten dut».
Bere obra oparotik bi lan ekarri dira euskarara: Agridagi Efsanesi (1970) eleberri epikoa euskaratu zuen Fernando Reyk, eta Ararat mendiaren sumina izenburupean argitaratu zuten Elkarrek eta Alberdaniak, 2003an; eta Xabier Aranburuk itzulitako Yilani Oldurseler (1976) eleberria kaleratu zuen Txalapartak 1999an, Zanpa ezak sugea izenburuarekin.
Literatura
Yasar Kemal idazlea hil da
Turkierazko idazle kurdurik onena izan da askorentzat 'Ince Memed' (1955, Memed, belatza) eleberriaren egilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu