Artea

Yoko Onoren ibilbide osoa Bilbon

Arte kontzeptualaren eta performancearen aitzindari, artistaren ibilbide osoa erakusten duten 200 lan inguru batu ditu Bilboko Guggenheim museoak 'Half-A-Wind Show' erakusketan. Pozarren azaldu da Ono atzera begirakoarekin.

Yoko Ono, euskaraz idazten. ERIKA EDE
Inigo Astiz
2014ko martxoaren 13a
07:16
Entzun

Arte kontzeptualaren eta performance artearen aitzindari, musikari, zinemagile eta aktibista. Ikono bat, eta baita mugarri bat ere. Baina ez du beti merezitako leuka izan bere lanak. Sumin arrastorik ez, ordea, Yoko Onoren hitzetan (Tokyo, 1933). “Niri interesatzen zitzaidana zen zerbait sortzea, ez sortutakoa erakustea. Nire lana garai hartan artetzat jotzen zen arteaz ezberdina zen. Nik banekien jende askok ez zuela ulertuko, eta ez ninduen horregatik gaiak gehiegi kezkatzen. Sortzen jarraitu nuen. Baina nik pentsatzen nuen egunen batean, agian 50 urteren buruan, edo 100 urteren buruan jendeak deskubritu egingo zuela lan hori. Egun batean, nire lana behar zutenean, jendeak deskubritu egingo zuela, eta ulertu”.  Bilboko Guggeneheim museoan ireki dioten erakusketaren aurkezpenean esan ditu hitz horiek. Pozarren, bertan eskaini dioten atzera begirakoagatik. Bere ibilbide osoa hartzen du kontuan Half-A-Wind Show erakusketak. Orain urte bete prestatu zuen bilduma Ingrid Pfeiffer komisarioak eta hainbat herrialdetan izan ondoren. Orain heldu da Euskal Herrira, eta bereziki eder ikusi du artistak bertan. Hala esan du aurkezpenean. Irailaren 1era arte izango da zabalik.

Museoko hirugarren solairu osoa hartzen du erakusketak, eta sei aretotan banatu dituzte sortzailearen 200 piezak. Kronologikoki antolatu dute ibilbidea Alvaro Rodriguez Fominaya eta Jon Hendricks Bilboko moldaketaz arduratu diren komisarioek azaldu dutenez. Lehen instalazio, film eta objektuekin hasten da erakusketako lehen atala. Eta bertan lehen piezak John Lennoni egiten dio erreferentzia. Onoren senar izandakoari. 1961ean New Yorkeko galerian jarri zuten lehen aldiz Ceiling Painting pieza ikusgai. Han ikusi zuen Lennonek, eta han ezagutu zuten elkar bi sortzaileek. Eta hori da orain Bilbon erakusketa zabaltzen duen lana.

Onoren performancerik ezagun eta esanguratsuenak hartzen ditu bigarren aretoak. Eta haien artean da 1964ko Cut Piece ezaguna. Ono, geldi, oholtzaren erdian, jendeak guraizeekin arropa puskak mozten dizkion bitartean. Hirugarren aretoan, berriz, zinema lanak batu dituzte komisarioek. Eta tartean dira euli batek emakume biluzi baten gorputzean egiten duen ibilbidea jarraitzen duen Fly bideoa, 1970ekoa, eta Rape lana ere. Kamara bat ausaz hautaturiko neska baten atzetik aritu zen bi egunez hura grabatzeko, baimenik eskatu gabe, eta neskaren erantzun etsiak ere ageri dira bideoan.

Yoko Ono euskaraz
Instalazioak daude laugarren aretoan, eta Bilborako espresuki moldatu ditu horietariko batzuk artistak. Euskaraz idatzi ditu, adibidez, Blue Room Event piezako mezuak museoko hormetan [Irudian ikusi daiteke]. Lerro zuzen luze bat adibidez, horma txurian, eta haren azpian mezua. “Lerro zuzen hau zirkulu handi baten parte da”. Euskara hutsean, baina Onoren hizkiz. Arkitektura laztantzen duten piezak daude bosgarren gunean, eta artistaren ibilbide musika osoa laburtzen duen aretoa da ibilbideko azkena.

Wish tree izeneko lanak ixten du erakusketa, halere. Hori da ibilbideko azken pieza. Olibondo bat da, berez, eta ohar batzuk ditu zintzilik. Onok ez ditu ikusleak ikusle nahi, eta etengabe luzatzen die parte hartzeko deia erakusketako hainbat piezatan. Azkenekoan, adibidez, beren desirak orri batean idatzi eta olibondo horretan zintzilikatzeko eskatzen die. Eta desira horiekin amaitzen da atzera begirakoa. Aurrera begira, nolabait.

Bilbok asko inspiratu duela esan du Onok aurkezpenean. "Oso inspiragarria egin zait, eta zerbait gertatuko da honen ostean". Erakusketaren atariko gisa, atzo hiru performance eskaini zituen Onok museoan. Hemen irakurri daiteke kronika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.