Arkitektura

Yvonne Farrel eta Shelley McNamara, Pritzker saridun

«Gizonak nagusi izan ziren eta diren esparru batean aitzindari» izatea aitortu die epaimahaiak bi arkitekto irlandarrei. Beren lanetan kokalekuei eta bertako komunitateei agertu ohi dieten errespetua ere nabarmendu dute.

Yvonne Farrel eta Shelley McNamara, Hyatt Fundazioak zabaldutako irudi batean. ALICE CLANCY / HYATT FUNDAZIOA / EFE
Erredakzioa
2020ko martxoaren 3a
17:19
Entzun

Yvonne Farrel eta Shalley McNamara arkitekto irlandarrei eman diete aurtengo Pritzker saria, arkitekturaren arloko saririk entzutetsuena. «Gizonak nagusi izan ziren eta diren esparru batean, aitzindari izan dira. Itsasargi bat dira beste profesional batzuentzat», aitortu die epaimahaiak. Beren lanetan bai kokalekuei eta bai bertako komunitateei agertu ohi dieten errespetua ere nabarmendu die epaimahaiak. Hyatt Fundazioko presidente Tom Pritzkerrek eman du sariaren berri, Chicagon (AEB).

Pritzker saria irabazi duten lehen arkitekto irlandarrak dira Farrel (Tullamore, 1951) eta McNamara (Lisdoonvarna, 1952). Baita saria eskuratu duten laugarren eta bosgarren emakumeak ere —Zaha Hadid (2004), Kazuyo Sejima (2010) eta Carme Pigem (2017) arkitektoei eman zieten haien aurretik—. Dublingo Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, ikasle garaian, eta Grafton Architects estudioa zabaldu zuten Dublinen, beste hainbat bazkiderekin batera. Egun, beren obretan ez ezik, irakaskuntzan ere ari dira lanean.

«Arkitektoa izatea sekulako pribilegioa da. Arkitektura ulertzeko dugun ikuspegiari bultzada handia ematen dio sari honek», adierazi du Farrelek, ohar bidez. «Batzuetan kosta egin zaigu espazioak topatzea humanismoari, artisautzari eta kultur konexioari lotutako gure balioak inplementatu ahal izateko; horregatik, atsegin handiz jaso dugu saria», gaineratu du McNamarak.

Lau hamarkadako ibilbidean, askotariko lanak sortu dituzte, unibertsitate eta eraikin ofizialetatik hasi, eta etxe partikularretaraino. Irlandan daude horietatik gehienak, baina Italian, Frantzian eta Perun ere bada haiek sortutako eraikinik. Haien obra esanguratsuenen artean daude, besteak beste, Tolosako Ekonomia Eskola (Okzitania, 2019); Limako Ingeniaritza eta Teknologia Unibertsitatea (Peru, 2015); Dublingo Finantza Departamentua (Irlanda, 2009); eta Milango Luigi Bocconi Unibertsitatea (Italia, 2008). Lehen begiratuan, eraikin izugarriak dira haienak, altuak, zeintzuetan porlana nagusitzen den. Aldiz, barruko espazioen banaketak espazio intimoak ahalbidetzen ditu, herritarren neurrira egindakoak. Oreka horretan jardun dute lanean bi arkitektoek beren ibilbide osoan, sariarekin nabarmendu zaienez: aldi berean «ikaragarriak eta apalak» diren eraikinak diseinatzen, «indarra eta fintasuna» transmititzen dituztenak, hiriak "bizigarriago" egitea bilatzen dutenak, eta lekuan lekuko irtenbideak eta globalagoak eskaintzen dituztenak. «Arkitektura gizakion bizitzaren eremua da. Espazioarekin zerikusia duen beste edozein diziplinak ez bezala batzen eta konektatzen gaitu mundura», azaldu du McNamarak. «Arkitekturak balio hori duen sentipena dago gure lanen bihotzean».    

Beren lanak jaso du aitortzarik azken urteotan ere. Besteak beste, RIBA Royal Institute of British Architects erakundearen saria jaso zuten iaz.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.